Suhiltzaileek alkatearekin izandako bilera «positiboa» izan dela diote
Azaldu dutenez, Jon Insaustik konpromisoa hartu du aurten blokeaturiko SPEISen inbertsioak eta datorren urterako aurreikusitakoak 2027ko udal aurrekontuetan txertatzeko.
Donostiako Suhiltzaile Zerbitzuaren elkarretaratze bat, egoitzaren aurrean.Donostiako Suhiltzaileen Zerbitzua Gaur goizean, Donostiako Suhiltzaileen langile kolektiboko kideak eta udaleko langile batzordeko ordezkari sindikalak Jon Insausti alkatearekin bildu dira, udaletxean. Suhiltzaileen zerbitzurako aurreikusitako inbertsioak bideratzeko eskatu diote, pasa den astean aurrekontua “lapurtu” zietela salatu ostean.
Suhiltzaileek hedabide honi jakinarazi diote bilera “positiboa” izan dela, eta alkateak egindako eskaerak betetzeko konpromisoa hartu duela. “Itxoin beharko dugu konpromiso hori idatzita ikusi arte. Aurtengo eta datorren urteko inbertsio guztiak berreskuratuko dituztela esan digu, eta hori guztia 2027ko udal aurrekontuen behin betiko proposamenak jasoko duela”, azaldu dute. Hain zuzen ere, azaroaren 5ean egingo du Donostiako Udalbatzak datorren urteko udal aurrekontuen osoko bilkura.
Aurten, Donostiako Prebentzio, Su Itzalketa eta Salbamendu Zuzendaritzako (SPEIS) bost inbertsio blokeatu ditu udalak —guztira 408.133,88 euro—. Horien artean, eraikin eta bestelako eraikuntzetarako aurreikusitako 322.500 euroak osorik blokeatu dira. Blokeo horrek Parkea handitu eta egokitzeko lanak —Tokiko Gobernu Batzarrak proiektua onartuta izan arren— eta aurrez planifikatutako beste hobekuntza eta erosketa batzuk egitea eragotzi du.
Gainera, 2027ko udal aurrekontu proposamenak SPEISeko inbertsioetarako “zero euro” aurreikusten dituela gogorarazi dute: “0909.610 programak —Prebentzioa, Su Itzaltzea eta Salbamendua— 12.601.570 euro ditu: 11.862.478 euro langile gastuetarako eta 739.092 euro gastu arrunterako. Hala ere, benetako inbertsioen 6. kapitulua zero euroan geratu da”. Aldiz, SPEISek 2027rako 1.135.500 euroko inbertsio-plangintza bidali zuen suhiltzaileentzat eta 30.000 euro Babes Zibilarentzat.
“Inbertsiorik ezak ez du aukerarik emango armairu berriak jartzeko, aldagelak handitzeko edo esku hartzeko jantzien gela egokitzeko. Behar horiek are premiazkoagoak dira 2027rako aurreikusitako sei suhiltzaile berriak sartuko direlako; horiek 2026an sartutako beste sei langileei gehituko zaizkie”, nabarmendu dute suhiltzaileek.
Ordea, inbertsio ezak beste ondorio batzuk izango ditu: “Kutsatuta egon daitezkeen esku hartzeko ekipamenduak arropa garbitik bereizteko jarduketak, deskontaminazio baliabideak eta ibilgailu, makineria eta ekipamendu operatiboa berritzea geldiaraziko dira. Horrek segurtasun, higiene eta lan arriskuen prebentzio baldintzei eragiten die, Zerbitzuaren gaitasun operatiboa murrizten du eta atzeratutako jarduketen etorkizuneko kostua handitzen du”.
Aipaturiko inbertsio horiek guztiak 2027ko udal aurrekontuen behin betiko onarpenean txertatuko direla esan die alkateak suhiltzaileei.

