Martuteneko bizilagunen eskaerari erantzun bat ematen saiatuko dela esan du Insaustik
Martuteneko bizilagunen protesta Bulebarrean, pasa den astean.Sarroeta auzo elkartea Hilaren 22an, Martuteneko Dbusen 120 bat erabiltzaile 26 lineako autobusean joan ziren Bulebarrera protesta egitera. Sarroeta auzo elkarteak deituriko mobilizazioaren bidez, auzoko Dbus zerbitzua hobetzeko hainbat eskaera plazaratu zituzten. Astearteroko agerraldian, horri buruz galdetu diote Jon Insausti alkateari, eta adierazi du “hobetu beharreko errealitate bat” erakusten duela.
“Autobusa ez badabil bere orduan, auzoen konexiorako ezinbestekoa dena, begiratu beharko dugu”, aitortu du alkateak. Horrekin batera, autobus linea asko “tentsioan” dabiltzala esan du, hainbat arrazoirengatik: “Batetik, eta zorionez, garraio publikoaren erabilera handiagoa delako. Bestetik, ordea, hiriko abiadura gutxitu dugunez, autobusen bidaiak zertxobait moteldu dira”.
Martuteneko herritarren eta auzo elkartearen kexen aurrean, Insaustik onartu du “aitzakiek” ez dutela balio, eta arazoari aurre egin behar diotela. “Herritarren kezka jaso dut eta erantzun bat ematea espero dut”, gaineratu du. Bukatzeko, Martutene ere Donostiako auzo bat dela nabarmendu du, “Erdialdea, Aiete eta Intxaurrondo diren modu berean”.

