Moeve gasolindegietako greba bertan behera utzi dute
Konpainiak CCOO sindikatua "baliatu" duela salatu dute LAB eta ELA sindikatuek: "Ez da lehen aldia".
Moeve gasolindegietako langileen mobilizazio bateko artxiboko irudia.LAB Gipuzkoako Moeve gasolindegietako Enpresa Batzordeak —LAB eta ELA sindikatuek osatzen dute— erabaki du bertan behera uztea urriaren 27tik abenduaren 23ra iragarrita zituzten greba egunak: “Iragarpen horren arrazoia bat eta bakarra da: konpainiak, CCOO sindikatua baliatuta, edozein negoziazio aukera zapuztu du, hauteskunde sindikalak egiteko aurreabisua Lan Delegaritzan erregistratu baitu”. Gogoratu behar da Gipuzkoan hainbat Moeve gasolindegi daudela; Donostian, bat dago. Langileek abuztuan egin zituzten lehenengo greba egunak.
“Ez da lehen aldia kapitalak langile kolektiboaren aurka CCOO sindikatua baliatu duena”, salatu dute LABek eta ELAk: “Uztail erdialdean, negoziazioak bertan behera uzteko saiakera egin zuen. Orduan, Moevek eta CCOOk Enpresa Batzordeari leporatu zioten CCOOren negoziazio eskubidea urratzen ari zela. Ordea, Enpresa Batzordeak gerora frogatu ahal izan zuen bezala, CCOOri ez zion negoziazio eskubiderik urratu CCOOk ez zuelako ordezkaririk enpresa batzordean”.
CCOOren papera kritikatu dute
Era berean, duela hilabete, sektoreko patronalak “CCOO erosi eta CCOOk zerbitzuguneen sektoreko langileak saldu” zituela salatu du Enpresa Batzordeak: “CCOOk, sektorean %20,73ko ordezkaritzarekin, eragin mugatuko akordioa erdietsi zuen sektorearen gehiengo zabalak zuen borrokatzeko grina pikutara bidalita. Bada, orain, ekintza antisindikalak baliatuta, berriz ere heldu da CCOO Moevera”. “Ordezkaritzarik eta inolako legitimitaterik gabe, enpresarekin hauteskundeak egitea iragarri eta oraindik indarrean dagoen Enpresa Batzordea, eta berau babesten duten langile kolektiboa, berriz ere traizionatu dituzte”, gaineratu dute LABek eta ELAk, CCOOren jokabidea “tamalgarri” gisa definituz.
“Gipuzkoako Moeveko langileei negoziazioaren ateak itxi badizkiete ere, LABek eta ELAk osatzen duten Enpresa Batzordeak argi du hauteskundeak egiterakoan euren ordezkaritza indartuko dutela eta, konpainiak eta CCOOk langile kolektiboa berriz ere zangotrabatu badute ere, hauteskundeak igarota, Moeveko langileek indar gehiagorekin ekingo diotela berriz enpresa paktu duina konfrontazioaren bidez negoziatzeari”, gehitu dute Moeveko Enpresa Batzordeko sindikatuek.

