Zer plan astebururako Donostian?
'Ander eta Yul' filmeko fotograma bat. Zer plan duzu asteburu honetan Donostian? Gure agendan ekitaldi aukeraketa zabala aurkituko duzu. Horrez gain, ez ahaztu, alde batetik, 37. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea hasiko dela ostiralean —egitaraua, hemen—, eta, bestetik, Gau Beltza ospatuko dutela egunotan auzo eta herri gehienetan. Hori gutxi balitz, egun bakoitzeko plan proposamen bat egingo dizugu jarraian.
Ostiralean (hilak 30), Beldurrezko Astetik haragoko zinema proposamen bat: Ana Diezek 1988an ondutako Ander eta Yul filma proiektatuko dute Tabakaleran, 19:30ean, Klasikoak zikloan. Sarrerak 4,5 euroan daude salgai.
Larunbatean (hilak 31), Bidebietako Mogambo aretora joatea da gure gomendioa, izan ere, Musgo jaialdia antolatu dute, 16:00etatik “egunsentira”, antolatzaileek azaldu dutenez. Musika elektronikoa izango da nagusi queer jaialdia horretan, eta performanceak ere egongo dira. Sarrerak 15 euroan daude salgai.
Igandean (azaroak 1), Intxaurrondon egunotan egingo duten Intx’apain mural jaialdia da gure proposamena, izan ere, egun horretan bukatuko da. Honakoa da igandeko egitaraua:
- 12:00-13:30. Muraljira eta Alaia Martin eta Intxaurrondo bertso eskolako kideen bertsoak. Topagunea: Telesforo Aranzadi kalea 2.
- 12:30-14:00, Bernat Etxepare plaza. Nagore Legarreta sortzaileak gidatutako Argia eta hitza: kimigrama kolektiboa tailerra. 20 lagunek parte hartu ahal izango dute, aurrez izena emanda: intxaurrondokulturetxea@donostia.eus.
- 13:30-14:30. Aperitifa.
Bonus track. Astean zehar egiteko plan proposamen bat ere, hementxe: asteartean, azaroak 3, Emakume eta genero ez-normatibo euskaldunak osasungintzan hitzaldia eskainiko du Garbiñe Elizegi Narbarte erizaintzan doktoreak, Ernest Lluch Kultur Etxean (19:00), Emakume Zientzialarien Argitan zikloaren barruan.

