Herreraren «duintasuna» aldarrikatu dute auzotarrek, udaletxearen aurrean
Herrerako bizilagunen elkarretaratzea, udaletxearen aurrean.Herripe auzo elkartea Herripe auzo elkarteak deituta, Donostiako Udaletxearen aurrean elkarretaratu ziren ostegun iluntzean Herrera auzoko bizilagun ugari, Herreraren duintasunaren alde! Herrera bizirik! lelopean. Hain zuzen ere, udal gobernuari Herrerarekiko “begirunea eta arreta” eskatu zioten: “Herreratarrok pairatzen ari garen arazoei eta ditugun gabeziei irtenbidea emateko lehenbailehen, duintasunez bizitzea merezi dugulako”.
Asko dira Herrerak dituen arazo eta gabeziak, auzo elkarteak mahaigaineratu duenez: “Lantegi asko itxi dira, baina orubeak baliatu ordez berrindustrializatzeko eta auzoa berroneratzeko, etxebizitzak eraikitzea besterik ez du proposatu udalak; ekipamenduak falta ditugu, sozio-asistentzialak, osasunekoak eta kulturakoak, baita horrelako zerbitzuak ere, eta inguruetakoak urrutiegi daude; oso urriak dira eremu berdeak; porlanezko eta zoladurazko paisaia da nagusi; irisgarritasun arazo handiak ditugu, trenbidepeko pasabidea, etxarte ugaritako eskailerak (bizilagun asko isolatuta geratzen ari dira), maldak eta abar; udalaren administrazio banaketa ez dator bat auzoaren identitatearekin”.
“Utzikeria”
Aipaturiko arazoei Herriperentzat “auzotarren bizitza okertu duten beste hainbat arazo gehitu” zaizkie. Horien artean, udalak Jolastokietan, Zardoya-Otis iragan industrialeko eremuan, eraiki nahi dituen “456 etxebizitzak” nabarmendu dituzte Herripekoek.
Zardoya eremua aipatuta, bertako pabiloi degradatuak “bizileku negargarri” bihurtu direla gogorarazi du Herripek: “Duela bi urte, hamarnaka pertsona etxegabe bizi dira horietan, kale gorria saihestu eta toki hoberik topatu ezinean. Onargarriak ez diren baldintzetan ‘bizi’ dira, argirik eta urik gabe, arratoien eta zaborren artean (bildu zuten, baina bilketako udal kamioia ez zen agertu). Ezinegona eta sumindura handiak dira auzotarron artean, arazo ugari sortu baitira, eta segurtasun gabezia nabari baita. Bizikidetza berreskuratu nahi dugu. Udal gobernuak du egoera makur eta bidegabe honen ardura utzi egin baitie lantegien jabeei eremua eta egoera hondatzen. Ez ote du egin etsipena zabaltzeko auzotarron artean, eta egitasmoa bere horretan onar dezagun?”.
Horiez guztiez gain, beste hiru arazo ere ekarri dituzte hizpidera herreratarrek. Alde batetik, “Oxigraf lantegiko uralitazko (amiantoa) teilatua hondatzen” ari dela, baina udalak ez dituela “jabeak behartzen hori kendu eta garbitzera” Bestetik, udalak Herrerako futbol zelaia berritu badu ere, “proiektuan gainkostu batzuk sortu direnez, aldagelak ezin dira orain egin”, salatu du auzo elkarteak. Azkenik, Herripek gogorarazi du Herrerako begiratokiko komun publiko berria “matxuratuta” dagoela aspalditik: “Ez dirudi udal arduradunei axola dienik”.
Ekainean ere udaletxe aurrean elkarretaratu ziren herreratarrak, udalak Herrerarekiko “utzikeriaz” jokatzen duela salatzeko: “Ekaineko elkarretaratzetik hona, berri on bat dugu: “Tren geltoki berrituko igogailu berria, ia bi urte geroago, martxan da. Udaleko eta trenbideetako arduradunen utzikeria nabarmena izan da prozesu honetan”.


