Korrika egitea ausardia, aktibismo eta matxinada denean
'Las que corren. Korrikalariak' dokumentala aurkeztu dute gaur udaletxean.Maitane Aldanondo Euskal Fondoak eta Ikaika Media ekoiztetxeak ekoitzitako Korrikalariak. Las que corren dokumentala aurkeztu dute ostiral goizean udaletxean. Raul San Romanek eta Alex Azkunagak zuzendutako ikus-entzunezkoak Guatemalako emakume indigenen errealitatea erakusten du, baita berdintasunaren alde eta kirolaren bidez beren eskubideak defendatzeko egiten duten borroka ere. Kontakizunak lotura berezia du Donostiarekin: 2014an, Ak’Wank emakumeen lasterketa eta Behobia-Donostia senidetu baitziren. Datorren ostiralean, azaroak 6, Aquariumen ikusgai izango da, 18:00etan.
Dokumentala Euskal Fondoak Guatemalan hiru hamarkada baino gehiagotik egiten ari den nazioarteko lankidetza lanaren barruan kokatzen da. Protagonisten istorioen bidez, dokumentalak korrika egitea debekatuta duten emakumeen historia kontatzen du, “dena jokoan jarriz” eta “muturreko indarkeria jasanda” ere beren nahiarekin aurrera egiten dutenena. Proiektua 2011n sortu zela zehaztu du, beste gauza batzuk grabatzen ari zirela lasterketa batekin topo egin zutenean. “Emakume mordoa korrika ari zela eta ikusten ari ziren gizonezko pila batek denetarik esaten ziela eta gaizki begiratzen ziela”. Ideia hazten joan zen, Korrikalariak bihurtu arte.
Izan ere, emakume izateagatik, q’eqchi’ izateagatik eta pobre izateagatik bazterkeria jasateaz gain, biztanleria indigenarekiko muturreko arrazakeriaz inguratuta daude. “Egoera horretan korrika egitera joate hutsa ausardia, aktibismo eta matxinada ekintza bat da. Dokumentalean ikusi ahal izango duzue, beraiek azaltzen dute”, esan du San Romanek. Trailerrean agertzen diren emakumeek soinekoekin eta kaleko arroparekin korrika egiten dute, oinutsik, zapatilarik ez baitute. Dokumentala grabatu zutenean mobilizazioak eta lasterketa bat ikusi zituzten, eta bertan lehen aldiz ikusi zituzten hemengo kirol jantziak zituzten atletak, erritmo altuan korrika. “Espazioak irabazten ari dira”, ondorioztatu du.
San Romanen aurretik hitz egin duen Fortuna Kirol Elkarteko presidente Enrique Cifuentesek aitortu du noizean behin Internet bidez lasterketak aurrera jarraitzen duen begiratzen duela; eta hala dela jakiteak lasaitzen duela. Desagertzetik urruti, inguruko udalerrietan lasterketa berriak sortzen ari direla zehaztu dio zuzendariak, eta hamar bat dira jada.
Babes berri bat
Ak’Wank lasterketarekin harremana nola sortu zen kontatu du Cifuentesek. 2014an, Euskal Fondoak Fortunari proposatu zion ezagutzen ez zuten lasterketa bat babesteko: Guatemalako Alta Verapaz eskualdean emakumeek emakumeentzat antolatutakoa, eta parte-hartzaile gehienak indigenak ziren. “Onartu egin genuen guztiz bat zetorrelako Fortunak 115 urteko historian berdintasunaren arloan izandako ibilbidearekin, bereziki gure erakusleiho nagusia den Behobia-Donostian”, azaldu du.
Urtebete geroago, Fortunako presidenteak bertara joateko aukera izan zuen. Egonaldiak lankidetza hori “berezia” bihurtu zuen, bertatik bertara ikusi baitzuen nola bizi diren emakume indigenak eremu horretan, baita zein garrantzitsua den haientzat ikusgarritasuna eta espazio publikoa okupatzea ere, eta nola antolatzen zuten lasterketa. Berretsi zuen, halaber, Behobia-Donostiaren babesak haientzat zuen berebiziko garrantzia ere.
Dokumentalaren aurkezpenak eta protagonisten bisitak “babes berri bat” ekarriko duelakoan dago Cifuentes, “eskualde hartako emakumeentzat hain garrantzitsua den lasterketa honen mesedetan”.
Eragin soziala
Kultur Aniztasun eta Gizarteratze zinegotzi Arantxa Lopez Euskal Fondoko Zuzendaritza Batzordeko kidea ere bada. Dokumentala beste errealitate batzuk ezagutzeko, protagonisten ahotsak entzuteko eta nazioarteko lankidetzak eta kirolak emakumeen eskubideen defentsan bete dezaketen zereginaz hausnartzeko gonbita dela nabarmendu du. Halaber, Euskal Fondoak Guatemalan 30 urte baino gehiagoan egindako lanaren “funtsa” islatzen duela esan du: eraldaketa sozialetan laguntzea, emakumeen eskubideak indartzea eta berdintasunezkoagoak eta indarkeria gabeko komunitateak eraikitzeko bidean aurrera egitea.
Lopezen esanetan, emakume horientzat korrika egitea, jarduera fisikotik edo lehiaketatik haratago, “historikoki ukatu zaizkien espazioak okupatzea da, euren bizitzen gaineko autonomia irabaztea eta beren komunitateetan parte hartzeko, erabakitzeko eta entzunak izateko eskubidea aldarrikatzea. Urrats bakoitza euren presentzia eta aldaketak bultzatzeko duten gaitasunaren baieztapena ere bada”. Hortaz, dokumentalak kirolaz hitz egiten du, baina batez ere “autonomiaz, erresistentziaz eta askatasunaz”.
Iñaki Gabarain zinegotziak, berriz, kirolak gizarte hobe bat egiteko duen gaitasuna nabarmendu du. Haren ustez, kirolak “benetako eraldaketa tresna” izan daiteke, gero eta pisu handiagoa duelako gizartean eta pertsonen bizitzetan, eta baita kirolaz harago dauden kausa eta helburuetan ere. Eragin sozial horretan lanean ari direnei laguntzeaz gain, Donostia Kirolakek berak ere lan ildo propioa ezarri du: Bide Lagun programa, aliantzak sortzeko.
Proiekzioa
Aurkezpena, esan bezala, azaroaren 6an egingo dute Aquariumean. Dokumentala erakusteaz gain, hiru protagonistak bertan izango dira eta beren esperientziaren berri emango dute: Alta Verapazeko gobernadore departamental Dilia Cocoy; Emakume Indigenaren Defentsoriakoa (DEMI) Maria Choc eta INCIDE Demokraziarako Ekimen Zibileko Fundazioaren koordinatzaile Inocenta Macz.

