Txomin II garapena martxan jartzeko akordioa Madrilen itxi behar du udalak
Jon Insausti alkatea, udaletxeko prentsa aretoan.Donostiako Udala Duela bi aste, Donostiako Udalak gutuna bidali zion Isabel Rodriguez Espainiako Etxebizitza ministroari. Jon Insausti alkateak astearteko agerraldian gogoratu duenez, bi eskaera jasotzen zituen gutun horrek: Txomin II faseko eta Antzieta pasealekuko etxebizitza garapenak bideratzea. Lehenak erantzuna jaso du, eta udala Etxebizitza ministerioarekin bilduko da bihar arratsaldean, Madrilen (Espainia). Txomiñeneko bigarren fasea abian jartzeko akordioa ixtea dute helburu.
Denis Itxaso Etxebizitza sailburuak atzo eskainitako elkarrizketa batean ziurtatu zuenez, Espainiako Etxebizitza Ministerioak eraikiko ditu Txomiñeneko bigarren faserako aurreikusitako 400 etxebizitzak. Adierazpen horien aurrean, Insaustik bileran udalak izango duen jarreraren berri eman du, udaletxeko prentsa aretoan: “Zertara goaz? Argi eta garbi esatera han eraikiko diren etxebizitza guztiak donostiarrentzat izan behar dutela”.
Horrekin batera, Etxegintzatik ezartzen diren irizpideak jarraitzea eskatuko dute, eta garapenaren kostuak nola banatuko dituzten zehaztea: “Etorkizunean etorriko diren urbanizazio lanen kostua nork hartuko duen adostu behar dugu, eta baita udalak iraganean bere gain harturiko kostuekin zer gertatzen den. Izan ere, zubiak eraiki ditugu eta Ibai parkea sortu dugu”.
Partzelen banaketa
Maiatzaren 28an, Txomin II faseko partzelen banaketa egin zuen udalak. “Ezinbestekoa da izaera juridikoa emateko lurzoruari, eta jakiteko eremuan zenbat eraikin sartzen diren”, gogoratu du alkateak. Uda osoan zehar, Casa 47 estatuko sozietate publikoarekin “lanean etengabe” aritu da udala. Irailetik aurrera, ordea, prozesua “mantsotu” egin zela esan du Insaustik: “Hauteskunde deialdia ikusita, eta udalak oraindik Espainiako Gobernuarekin hainbat gauza ixteke dituenez, gutuna bidaltzea erabaki genuen”.
Hain zuzen ere, Txomiñeneko bigarren faseko partzelen banaketaren akordioa da Madrilen itxi nahi dutena. Izan ere, lursailaren heren bat da estatuarena, eta bi heren udalarenak. Biharko bileran garapenaren epeak ere zehaztea aurreikusten du alkateak: “Gogoan ditugu Txomiñeneko lehen faseko epeak. Udalak garatu behar zituen partzeletan eraikinak egin ziren, baina zortzi urtez Eusko Jaurlaritzarenak geldirik egon direlako. Txomin II fasean ez nuke gauza bera gertatzea nahiko”, nabarmendu du Insaustik.
Bi aldeek akordioa ixten badute, udalak datorren asteko Tokiko Gobernu Batzordera eramango du Txomin II garapenaren partzelen banaketa. “Ordutik aurrera, eremua partzelatuta geratuko da, eta hiru erakunderen artean banatuko dira: udala, Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua. Orduan hasiko gara Jaurlaritzarekin negoziatzen, eta eraiki beharreko etxebizitza motak zehazten”, argitu du alkateak.

