Espainiako Gobernuak eraikiko ditu Martuteneko espetxearen eremuan aurreikusitako etxeak
Gernikako Estatutua sinatu zutenetik lehen aldiz (1979), Espainiako Gobernuak Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban etxeak eraikiko ditu. Hala azaldu du Denis Itxaso Etxebizitza sailburuak.
Martuteneko espetxea.Irekia Espainiako Gobernuko Etxebizitza ministro Isabel Rodriguezek, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburu Denis Itxasok eta Donostiako alkate Jon Insaustik Martuteneko espetxearen eremuaren etorkizunari buruzko bilera egingo dute asteazken honetan Madrilen (16:00). Izan ere, bertan 400 etxebizitza eraikitzea da erakunde publikoen aurreikuspena —Txomin II deituko da garapen hori—. Itxasok bilera horren nondik norakoak aurreratu ditu astelehen goizean Euskadi Irratiko Faktoria saioan egindako elkarrizketan, ziurtatu baitu Espainiako Etxebizitza Ministerioak eraikiko dituela etxebizitza horiek.
Hain zuzen ere, hasiera batean, asmoa zen Espainiako Gobernuak Eusko Jaurlaritza lagatzea lursailaren bere zatia, bertan etxebizitzak egiteko. Horrela, Itxasok espetxearen eraikina eraisteko proiektua aurkeztu behar zuen Madrilen asteazkenean, baina hori baino gehiago erabakitzea aurreikusten du sailburuak: “400 etxebizitza izango dira, eta, lehen aldiz, autogobernua kudeatzen hasi ginenetik, ministerioak, lurzorua lagatzeaz gain, etxebizitzak eraikiko ditu. Hori garrantzitsua da, konpromiso ekonomiko bat hartzen duelako”.
Ildo horretatik, Itxasok zehaztu du espetxearen eremu osoa ez dela Espainiako Gobernuarena: “%40 inguru da ministerioarena eta gainontzekoa udalarena, horregatik doa alkatea bilerara, berak ere konpromiso bat hartu nahi duelako”.
Horrela, sailburuak azaldu du 3,7 milioi eurokoa izango dela eraisketaren aurrekontua, Espainiako Gobernuaren mendeko Casa 47 enpresa publikoak exekutatuko duela eta “2027ko lehen seihilekoan” egongo dela eraitsita. “Horrek emango dio bidea ondoren etorri beharko diren lan guztiei. Kartzela uholde arriskuan dago eta, beraz, betelanak egin beharko dira, gainontzeko auzoaren mailan jartzeko. Ondoren, eremua urbanizatu eta etxebizitzak eraiki beharko dira”, gehitu du.
Etxebizitzen kalifikazioa
400 etxebizitza daude aurreikusita kartzela zaharraren eremuan, baina, orain arte, desadostasuna izan da nagusi agintarien artean, etxebizitza horien kalifikazioaren inguruan. Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak publikoki esan izan du etxebizitza guztiak babestuak izateko konpromisoa hartzeko prest dagoela, udalak bere lursailak lagatzen baditu. Jon Insausti alkatea, aldiz, etxebizitza tasatu eta libre batzuk ere egitearen alde agertu izan da.
Desadostasuna Donostiako Udal Gobernuan ere agerian gelditu izan da behin baino gehiagotan. Hain justu, Txomin II faseko etxebizitza guztiak babes publikokoak izatearen alde egin zuen udalbatzaren gehiengoak irailean, eta desberdin bozkatu zuten mozio horretan gobernukideek: aurka bozkatu zuen Insaustiren alderdi EAJk eta alde PSE-EEk. Gogoratu behar da Jaurlaritzako Etxebizitza Saila Itxaso sozialistaren esku dagoela, eta Espainiako Etxebizitza Ministerioko buru Isabel Rodriguez ere PSOEkoa dela.
Memoria gunea
Martuteneko espetxea ekainean hustu zuten pertsonez, bertan zeuden presoak Zubietako kartzela berrira lekualdatu baitzituzten. Ordutik, eremuaren hirigintza garapena gauzatzeko beharrezko izapideak egiten ari dira Donostiako Udala eta Eusko Jaurlaritza, eta Espainiako Gorteetarako hauteskundeak azaroaren 29ra aurreratu izanak izapideak gehiago azkartzera eraman ditu erakundeak, hauteskundeen aurretik dena itxita utzi nahian. Ordea, ez da ahaztu behar Martuteneko espetxeak ia zortzi hamarkadako historia duela, eta, horregatik, “memoria historikoaren leku” izendatzeko eskatu zutela martxoan 24 elkarte memorialistek.

