Zortzikoa dantzatzeko balio ez duen puntua
Realak berdinketa hotz samarra lortu du Olympique Lyonen aurkako Europa ligako partidan, Anoetan (1-1).
Realaren eta Lyonen arteko partida, Anoetan.Reala Antzeko bi gol, antzeko bi geldiketa erabakigarri, eta antzeko bi talde: Reala eta Olympique Lyon. Elkarren aurkako Europako hirugarren lehiak ez zuen irabazlerik izan, eta berdinketa hotzarekin geratu zen Anoeta (1-1). Lorturiko puntuak ez du askorik balio Europa ligako ligaxka zortzi onenen artean bukatzeko. Horrela ere, oraindik helburua bete dezakete.
Realaren eta Lyonen arteko norgehiagoka espero baino trabatuagoa izan zen. Txuri-urdinak baloiaren jabe izan ziren lehen zatian, baina asko kostatu zitzaien frantziarren lerroak gainditu eta haien atera iristea. Horrela ere, ekinaren ekinez, zirrikitu bat aurkitu zuten 28. minutuan. Barrenetxeak erdiraketa neurtu bat egin eta Oskarssonek buruz ate barrura bidali zuen baloia. Defentsan makal aritu zen Lyon. Gutxira, beste abagune garbi bat izan zuen Realak, arerioaren bizkarra hartuta, baina Oiartzabal kapitainaren ezkerkada ederki gelditu zuen Grief atezainak.
Tenperatura berekoa izan zen bigarren zatia, eta txuri-urdinek bigarren gola egiteko beste aukera bat izan zuten Barrenetxearen eskutik. Ordea, frantziarrak izan ziren asmatu zutenak, eta Realak defentsan egindako akatsa aprobetxatuta. Erdiraketa on bat Tolissok area barruan kontrolatu, eta Marrero gainditu zuen, 54. minutuan. Ordutik aurrerakoa, joan-etorriko partida izan zen, nahiaren eta ezinaren testigu. Bi taldeak ahalegindu ziren bigarren gola egiten, baina erasoan ez ziren fin ibili. Griefek ondo gelditu zuen Sergio Gomezen falta jaurtiketa bat, eta Marrero adi ibili zen Tolissoren beste aukera garbi bat kornerrera bidaltzeko.
Puntu hotzak ez du balio zortzikoa dantzatzeko, eta Realak geratzen zaizkion Europa ligako ligaxkako gainerako partidetan batu beharko ditu puntuak. Batez ere, etxean Torreenseren eta Viktoria Plzenen aurka.

