Bera Berak hiru goleko abantaila eskuratu du
Donostiako eskubaloi taldeak Kanaria Handia menderatu du Telden, Europako ligako kanporaketaren joanekoan (27-30).
Bera Beraren eta Kanaria Handiaren arteko Europako kanporaketako partida, Telden.Bera Bera Neurria hartu diote arerioari, eta Europako ligako multzoen ligaxka gertuago dute. Bera Berak berriz ere gainditu zuen atzo Kanaria Handia, Telden. Halere, balio gehigarria du lorturiko garaipenak. Izan ere, Europako ligako kanporaketaren joanekoan, hiru goleko abantaila pilatu dute (27-30), erabakigarriak izan daitezkeenak.
Donostiako eskubaloi taldeak neurketa sendoa jokatu zuen, atzean sendo arituta eta erasoan eraginkor. Horrela ere, orekatua eta joan-etorrikoa izan zen norgehiagoka, eta berdinduta iritsi ziren atsedenaldira (15-15). Bigarren zatian, antzera jarraitu zuten bi taldeek, markagailuan aurreratu eta errenta handitzeko asmoarekin. Kanariarrek bi goleko aldea hartu zuten, eta epaileen erabakiek mesede egin zieten, aldeko hainbat penalti adierazita eta Bera Berako jokalari ugari egotzita.
Nolanahi ere, Bera Berak ez zuen amore eman, eta azken bost minutu bikainei esker lortu zuten saria. Arroyo, Alvarez eta Etxeberria izan dira golegile nagusiak.
Itzulerako partida erabakigarria hilaren 15ean jokatuko dute Gaska kiroldegian, 18:00etan.

