Javi Guerra eta Katherine Tisalema izan dira azkarrenak 61. Behobia-Donostian
Lasterkari donostiar onenak, berriz, Aitor Etxeberria —zazpigarren postuan sailkatu da— eta June Agirrezabalaga izan dira.
Katherine Tisalema eta Javi Guerra, Bulebarreko helmugan.Joseba Parron San Sebastian Behobiatik Donostiara bitarteko bidea egin duten lasterkari guztiek dute meritua. Aldiz, gutxi batzuk dira 61. Behobia-Donostia irabazi dutenak. Gizonezkoetan, Javi Guerra espainiarra izan da azkarrena (01:01:14), eta orain bera da lasterketan gailendu den korrikalari beteranoena, 42 urterekin. Emakumezkoetan, berriz, Katherine Tisalema ekuadortarra izan da onena (01:08:58), eta bigarren urtez jarraian irabazi du lasterketa. Eskuzko txirrindularien kategorian, Thibaut Benoit frantziarrak irabazi du (00:39:41), eta patinatzaileen artean, Julen Urkizar tolosarra (00:33:53) eta Garazi Ganuza barañaindarra (00:40:26) izan dira bizkorrenak.
30.000 lasterkariko langa berreskuratu ostean, 29.301 zeuden izen emanda, eta Fortuna Kirol Elkarteak eskura jarri dituen sailkapenen arabera, 26.399 korrikalarik bukatu dute lasterketa —baita ere, eskuzko bizikletako 21 partaidek eta 143 patinatzailek. Emaitzak helbide honetan kontsultatu daitezke.
Elite mailako lehiari dagokionez, bizia eta lehiatua izan da gizonezkoen lasterketa. Guerrak Mirakruz gainera iritsi aurretik lortu du Raul Celada atzean uztea —iazko irabazlea eta bigarren bukatu duena—. Aldiz, Iraitz Arrospide gipuzkoarrak osatu du podiuma. Lehen donostiarra, berriz, zazpigarren postuan sailkatu den Aitor Etxeberria izan da (01:03:55).
Emakumezkoenak ere, nahiko estua izan da. Tisalemak lehia polita izan du Devora Kramisirov bulgariarrarekin. Errenterian atzean uztea lortu arren, Herreran berriz ere bat egin dute biek. Ordea, Mirakruz gainera bakarrik iritsi da ekuadortarra, eta abantaila horri eutsi dio helmugara bitarte. Monica Silva portugaldarra izan da hirugarren, eta June Agirrezabalaga lehen donostiarra (01:17:04), 454. postuan sailkatu dena.

