Yaphet Moundi frantziarra fitxatu du Askatuak Gipuzkoa Basketek
Yaphet Moundi jokalaria, saskiratze bat egiten.Iona University Denboraldia ez du nahi moduan hasi Askatuak Gipuzkoa Basketek, eta taldea indartzea erabaki dute. Zehazki, barneko jokoa. Horretarako fitxatu dute Yaphet Moundi (Paris, 2001) jokalari frantziarra, denboraldi bukaera bitarte. Klubak nabarmendu duenez, 2,02 metroko garaiera duen Moundik erreboteatzeko gaitasuna, presentzia fisikoa eta pistaren bi aldeetan intentsitatearekin aritzeko maila du.
Frantzian abiatu zuen kirol ibilbidea, Tours Metropole Basket taldeko beheko mailetatik pasatuz eta ondoren Gries-Oberhoffen taldean arituz. 2021-2022ko denboraldian Le Portel-eko Espoirs taldearekin jokatu zuen, 14,5 puntu eta 8,2 errebote batez beste lortuz.
2022an AEBetara joan zen Panola Collegen sartzeko, eta bi denboraldi jokatu zituen NCAA-ren lehen mailara iritsi aurretik. 2023-2024ko denboraldian 14,7 puntu eta 10,1 errebote lortu zituen batez beste partida bakoitzeko. Ondoren, 2024-2025 denboraldian, Iona Universityren kamiseta defendatu zuen, eta 9,8 puntu eta 7,4 erreboteko batez bestekoak sinatu zituen. Unibertsitateko azken esperientzia San Jose State Universityn izan zuen, non 2025-2026ko denboraldian hamahiru partida jokatu zituen, 12,5 puntu eta 7,6 erreboteko batez bestekoekin partidako.
Bestalde, gogoratu behar da Askatuak Gipuzkoa Basketek Kevin Bercy kanadarra fitxatu duela datozen bi hilabeteetarako.

