Agur esango du Zaporeak proiektuak: azaroaren 22an emango dute azken otordua Lesbosen
Hamaika urtez 8 milioi otordu baino gehiago banatu ondoren, urte amaieran amaituko du bere elkartasun jarduna.
Zaporeak proiektuko sustatzaileak, haien agurra iragartzen.Zaporeak Zaporeak Proiektuak amaiera emango dio aurten Grezian errefuxiatuei janaria prestatu eta banatzeko abian jarritako elkartasun ekimenari. Erabakia gaur goizean jakinarazi dute Santa Teresa komentuan egindako prentsaurrekoan. Azaroaren 22an kozinatu eta banatuko dituzte azken otorduak Lesbosen, eta urte amaierarako erabat etengo dute jarduna.
2016ko martxoan abiatu zuen Zaporeakek bere ibilbidea, Greziako Chios uhartean. Hasierako asmoa larrialdi egoera bati erantzutea eta sei hilabetez lanean aritzea zen, baina egitasmoak hamaika urteko ibilbidea egin du ordutik. Denbora horretan, 8 milioi otordu baino gehiago prestatu eta banatu dituzte errefuxiatuen artean, guztira 3,12 milioi kilo lehengai erabilita.
Greziako hainbat tokitan aritu da proiektua lanean: Chiosen hasi, Atenasera eta Patrasera zabaldu, eta 2019ko urtarrilean jarri zuten martxan gaur egun Lesbosen duten sukaldea. Orain, ibilbide horri amaiera emateko unea iritsi dela erabaki dute.
Europako migrazio politikak eta jardunaren zailtasunak
Azken hilabeteotan egindako hausnarketa eta azterketa prozesuaren ondoren hartu du Zaporeakek ixteko erabakia. Proiektuaren arduradunen arabera, Europako gobernuen migrazio politikak gogortu izanak eragin zuzena izan du Lesbosen egiten zuten lanean.
Mugen kontrola zorroztu eta iritsierak mugatu egin direla azaldu dute. Greziara iristen diren errefuxiatuak, gainera, “kartzela bihurtzen diren errefuxiatu zelaietan” izaten dituztela adierazi dute, eta handik ateratzeko mugak dituztela. Egoera horren ondorioz, Zaporeaki hainbat egunetan otorduak banatzea debekatu diotela salatu dute.
Bestalde, Lesboseko errefuxiatu eremuan bizi diren pertsonen kopuruak gorabehera handiak izan ditu azken hilabeteotan, eta ez da 1.200era iritsi. Horrek zaildu egin du proiektuaren jarduna, bai logistikari dagokionez, bai ekonomikoki.
Arduradunek salatu dutenez, gobernuekin elkarlanean aritzen ez diren gobernuz kanpoko erakundeen aurkako jazarpena ere areagotu egin da. Haien esanetan, erakunde horien jarduna isilarazteko neurriak hartu dira, eta boluntarioak pertsonen trafikoarekin lotutako akusazioen bidez mehatxatu dituzte, bi urte arteko espetxe zigorrak aipatzen dituztela.
Boluntarioen eta babesleen ekarpena
Zaporeak Proiektuaren ibilbidea ezin da ulertu boluntarioen lanik gabe. Grezian 2.000 boluntario baino gehiago aritu dira sukaldeetan, eta horiei gehitu behar zaizkie Euskal Herrian antolatutako ekimenetan eta herrietako taldeetan parte hartu duten ehunka lagunak. “Beraiek izan dira proiektuaren arima eta eskuak”, nabarmendu dute arduradunek.
Erakunde publikoen, enpresa pribatuen eta norbanakoen babesa ere funtsezkoa izan da egitasmoari eusteko. Zaporeaken aurrekontuaren %40 Eusko Jaurlaritzaren, foru aldundien eta udalen diru-laguntzen bidez osatu da. Beste %40 enpresa pribatuen eta herritarren ekarpenetatik etorri da, eta gainerako %20a antolatutako ekintzen bidez lortu dute.
Horrez gain, hainbat enpresak materiala eta elikagaiak eman dituzte, sukaldeak martxan jartzeko eta eguneroko jarduna bermatzeko.
Hamaika urteko nekeak ere eragina izan du
Kanpoko egoeraz gain, talde kudeatzailearen nekea eta akidura ere izan dira erabakia hartzeko arrazoiak. Hamaika urteko lana boluntario gisa egin dute, eta horrek dakarren “desgaste fisiko eta emozionala” nabarmendu dute.
Hala ere, egindako ibilbidearekin “harro” agertu dira proiektuaren sortzaileak eta kudeatzaileak. Hasieran ezarritako helburuak gainditu dituztela azpimarratu dute, eta egitasmoak urte hauetan guztietan jasotako babes eta elkartasuna eskertu dituzte.
Prentsaurrekoa amaitzeko, euskal herritarrei, erakunde publikoei eta enpresei eskerrak eman dizkiete, hamaika urte hauetan emandako laguntzagatik eta konpromisoagatik. “Beste behin argi geratu da euskal jendartea solidarioa eta konprometitua dela”, adierazi dute.
Azaroaren 22an banatuko dituzte azken otorduak Lesbosen. Hala amaituko da 2016an sei hilabeterako sortutako proiektu baten ibilbidea, hamaika urteko elkartasun lanaren eta 8 milioi otordu baino gehiagoren ostean.




