Antondegi berdegunea hautatu dute Europan hirigintza lehiaketarako
Antondegi gaineko belardia.Haritzalde Eusko Jaurlaritzak proposatuta, Donostiako Martutene auzoko Antondegi berdegunea hautatu dute Europan hirigintza eta arkitektura lehiaketarako, Espainiako Estatuko bederatzi hautagaitzen artean; guztira, Europako 45 kokaleku hartzen ditu bere gain lehiaketa horrek, eta “esparru horien etorkizuna arkitektura, hirigintza eta paisaiaren inguruko nazioarteko hausnarketa eta lehiaketa prozesu baten esku jartzen du”, Jaurlaritzako Etxebizitza Sailaren arabera. Europan sarearen Espainiako Batzordearen 78. bileran hautatu dute Antondegi lehiaketa horretarako.
Indarrean dagoen Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak (HAPO) aurreikusten du Antondegin 3.000 etxebizitza inguru eraikitzea, baina Donostiako Udalak 2024an erabaki zuen gunea ez urbanizatzea eta berdegune gisa mantentzea, eragile eta herritar ugarik aspalditik aldarrikatzen zuten moduan.
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburu Denis Itxasok, ordea, 3.000 etxebizitza horiek eraikitzeko nahia agertu du azken asteotan, eta Jon Insausti alkateak adierazi du “erabakia” donostiarrena izango dela. Gogoratu behar da, halaber, udalak Antondegin surf parke bat eraikitzeko proiektua eduki zuela mahai gainean denbora luzez, eta kontrakotasun handia sortu zuela gizartean.
Etxebizitzak eta balio naturalak
Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez, bere menpeko Visesa enpresa publikoak Antondegiko “lurzoru osoaren %30 inguruko partaidetza du, eta bizitegi garapenean eta etxebizitza babestuen sustapenean esku hartzeko garrantzi handiko posizioa”. Horrela, 2partaidetza horrekin lotutako lan aurreikuspenei esker, 1.110 etxebizitza babestu bultzatuko lirateke: babes ofizialeko 789 etxebizitza eta 321 etxebizitza tasatu”.
Horrez gain, guztira, 2.500 etxebizitza babestu inguru aurreikusten ditu Jaurlaritzak Antondegin: “Zifra hori ez da titulartasun publikoko etxebizitzen edo berariaz alokairu sozialera bideratutako etxebizitzen kopuruarekin nahastu behar. Bizitegiak garatzeko, kudeatzeko eta sustatzeko formulak aztertzean kontuan hartu beharreko aldagaietako bat lurzoruaren partaidetza publikoa da”, azaldu du Etxebizitza Sailak.
Donostiako gerriko berdearen parte da Antondegi, baina Jaurlaritzaren arabera, eremuaren “balio natural eta paisajistikoak” kontuan hartu daitezke, berdegune handi hori urbanizatuta ere: “Balio horiek hasiera-hasieratik hartu beharko dira kontuan edozein antolamendu proposamenen egitean. Kokatzen den muinoak Torrua Zahar ibarbidea eta Urumea ibaiaren harana bereizten ditu, eta landa izaera du: baserriak, etxebizitza sakabanatuak eta baso masak. Gainera, Gipuzkoako azpiegitura berdean integratzen den eta funtzionaltasun ekologikorako interesa duen eremu batek zeharkatzen du esparrua”.

