Azaroaren 21ean irekiko da, azkenik, Donostiako topoaren igarobidea
Agintariak, Donostiako topoaren igarobide berria iragartzen.Irekia Azaroaren 21ean jarriko dute martxan Donostiako Topoaren pasante berria. 4,2 kilometroko lurpeko trenbideak hiru geltoki berri izango ditu —Amara, Bentaberri eta Kontxa-Zentroa—, eta Añorga eta Pasaia arteko tartean 7,5 minutuko maiztasuna eskainiko du. Eusko Jaurlaritzak mugikortasunaren hobekuntza nabarmendu du, baina proiektuaren irekiera urteetako atzerapenen, aurrekontuaren gorakadaren eta herritarren kexen testuinguruan iritsiko da. Azpiegituraren eraikuntzak eztabaida handia eragin du Donostian, bai haren kostu ekonomikoagatik, bai obrek inguruko bizilagunei eragindako kalteengatik.
Pasanteari eske Donostiako ekialdeko eta mendebaldeko trenbide lineak zuzenean lotuko dira. Horrela, Bilbo, Zumaia eta Lasarte-Oria aldetik datozen trenek Pasaia, Irun eta Hendaia aldera jarraitu ahal izango dute, tren aldaketarik gabe. Euskotrenek aurreikusi du Añorga eta Pasaia arteko tarte komunean egunean 276 zirkulazio egitea lanegunetan. Zerbitzu berriak 7,5 minutuko maiztasuna izango du tarte horretan, eta asteburuetako eskaintza ere handituko da, bereziki Lasarte-Oria, Irun, Hendaia eta Zumaia arteko loturetan.
Maiztasun handiagoari aurre egiteko, Euskotrenek bere flotako tren unitate kopurua 62tik 67ra handituko du, CAFek fabrikatutako 980 serieko bost unitate berriak zerbitzuan sartuta. Lau kotxe izango dituzte, 400 lagunentzako edukiera eta bainugela. Jaurlaritzaren arabera, azpiegitura berriak Donostiako eta inguruko udalerrietako mugikortasun beharrei erantzungo die. Hala ere, azaroaren 21eko irekierak ez ditu berez argituko azken urteotan pilatutako galderak: zenbat kostatu den proiektua guztira, obrek eragindako kalteak behar bezala konpondu diren, aurreikusitako bidaiari kopurua beteko den eta inbertsioak Donostiako mugikortasuna zenbateraino hobetuko duen. Topo berriaren benetako balantzea, beraz, ez da soilik trenak zenbat minutuan behin igarotzen diren neurtuta egingo.
“Obra faraonikoa”
Hala ere, proiektuaren kostua izan da polemika nagusietako bat. Adibidez, Mirakontxa eta Easo arteko tartea 2017an esleitu zen lehen aldiz, 53,2 milioi eurotan, BEZik gabe; baina lur-jausien ondorioz kontratua bertan behera utzi eta lanak berrantolatu behar izan ziren. 2025ean ezagutarazitako aurreikuspenen arabera, tarte horren kostua 139,8 milioi eurora iritsiko zen, hau da, hasierako esleipena baino % 162,7 gehiago. Satorralaiak eta EH Bilduk behin baino gehiagotan kritikatu dute aurrekontuen bilakaeraren inguruko gardentasun falta, eta azpiegituraren beharra bera ere zalantzan jarri dute, inbertsio publikoaren lehentasunak eztabaidagai bihurtuz.
Obren segurtasunak eta bizilagunei eragindako kalteek ere kezka handia sortu dute. 2020ko ekainaren 5ean, Zubieta kalearen inguruan zulo bat agertu zen, eta inguruko auzotarrek eraikinetako pitzadurak, bibrazioak eta bestelako kalteak salatu zituzten. 2021ean, EH Bilduk salatu zuen kaltetutako zenbait bizilaguni 1.100 euroko kalte ordainak proposatu zitzaizkiela, etorkizuneko erreklamazioei uko egiteko baldintzarekin. Satorralaiak, bere aldetik, segurtasunari, kalteen konponketari eta obren eraginari buruzko azalpen zehatzagoak eskatu ditu.
Proiektuaren aurkako kritikak, dena den, ez dira obren ondorioetara mugatu. Satorralaiak eta beste eragile batzuek zalantzan jarri dute Donostiak benetan metro pasante hori behar ote zuen, eta eskatu dute autobus sarea, auzoetako konexioak eta trenbide azpiegituraren bestelako hobekuntzak lehenestea. Kritikarien arabera, ez dago behar bezala frogatuta aurreikusitako erabiltzaile kopuruak inbertsioaren tamaina justifikatzen duenik, eta topo berriak Dbusen erabiltzaileak erakartzeko arriskua ere badu, auto partikularretik garraio publikora bidaiari berriak erakarri beharrean. 2013an, Ana Oregi orduko sailburuak berak “obra faraoniko” gisa definitu zuen proiektua; ondorengo urteetan, ordea, eraikuntzak aurrera egin zuen, herritarren parte-hartzeari eta alternatiben eztabaidari buruzko eskaerak gorabehera.

