Hormak, hitzak, errimak eta koloreak
Intx'apain jaialdia aurrera eraman dute Intxaurrondon, urriaren 30etik azaroaren 1era bitartean. Kale artea ardatz duen egitasmoaren barruan, MuralJirak gauzatu zituzten, egun horietan margotutako horma irudietara bisitak. Horietako bat, bertsolariek lagunduta egin zuten.
Eva Menak marraztutako muraletik abiatu zuten ibilbidea. Maitane Aldanondo Intx’apain jaialdiak 11 mural margotu ditu hilabete hasieran Intxaurrondon barrena. Zehatzago esanda, euskara eta hitzak abiapuntu hartuta, «Zein da zure hitza?» galderari erantzunez hormak apaindu dituzte bertako eta kanpoko artistek, auzoko talde eta eragileek lagunduta. Egitasmoa bera urriak eta azaroak eskua eman zuten asteburuan gauzatu zuten, margo lanez haratago, auzoa sorkuntza eta topaketa gune bilakatu zuten bestelako jarduera ugari eginda.
Duen esanahiagatik, azaroaren lehena egun grisa da askorentzat. Igande goiza, ordea, koloretsua izan zen MuralJira ibilaldian parte hartu zutenentzat. Hogei bat izango ziren hasieran, Galizia plazako muralaren aurrean elkartutakoak, baina ordu eta erdiko bideak aurrera egin ahala, bikoitza baino gehiago izatera heldu ziren. Sei marrazki ikusiko zituzten Bernart Etxepare plazara bidean. Bezperan, helmuga berarekin, Intxaurrondo Zaharreko bostak ikusi bazituzten Larraitz Esnaola hezitzailearen eta Idoia Moreno arkitektoaren azalpenek lagunduta, auzoaren beste aldeko saioan, bertsoek ordeztu zituzten azalpenak. Alaia Martinek eta Intxaurrondo Bertso Eskolako Harri Arin eta Harri Lazpita gaztetxoek botatakoek, hain zuzen ere.
Elkargunean bildutakoak agurtu eta jaialdiari buruzko azalpenak eman zituzten Intxaurrondo Kultur Etxeko zuzendari Iker Tolosak eta antolakuntzako Garikoitz Muruak. Gero, Eva Menak pistaren bat eman zien aurrean zuten irudian «ortzadarra» topatzeko. Ez ditu esperotako koloreak, baina euria, adar bilakatzen den ilea… Ez zuen gehiegi esan nahi izan: «Ikusleari uzten diot konposizioa osatzea». Bilatzearen ideiak inspiratu zuen, akaso, Lazpita; bere bertsoan honakoa esan baitzuen: «Mural erdian neska bat dago, nahiz ta ez jakin izena mundu guztiak ikusi dezan sarri ikusten ez dena». Jarraian, Martin aritu zen, eta jardueran etorriko zena laburtu zuen, nolabait: «Gaur frogatuko dugu hormatan, paretetan ta balkoitan, edertasuna agertzen dela edozein kale kantoitan».
Muga lerroak
Handik, Gaztela kalera joan ziren, buruan, MuralJira zioen banderatxoa zeraman neskato bat zihoala. Errepide ondoko bidea egin zuten eta paretetan ugariak ziren grafitiak. Ikusgarri izateak erakargarri egiten ditu, beraz, ezin jakin luzaroan errespetatuko ote duten Jeremy Dell’armik eraikin baten aurrealde osoa betez egindako obra. Abstraktua lantzen du iparraldeko artistak eta «muga» hitza aukeratuta osatu zuen. Hori, gorri, urdin, beltz, formak… «Non dago muga?», hausnarketarako galdera bota zien Muruak.
Obraren izaera deigarriari helduta egin zuen bertsoa Arinek: «Errepidean kotxe guztiak estimulu beharrean, trafiko grisak izango ditu mila kolore aurrean». Mugez, kolorez eta bestez ondu zituen Martinek bereak eta botatako galderari ere heldu zion: «Pasatuko naiz beti begira eta adi, soa luzatu nahian ez dagoenari».
Aurrera eginez, Hegoa ikastetxera heldu ziren. Alboko hormetako bat kobazulo urdin bilakatzen ari zen Andrea Costas artista. «Ondarea» islatzeko, Ekaingo kobazuloa inspirazio hartuta, zaldiak margotzen zebilen ibilaldiko partaideak iritsi zirenean. Jaitsi zen lurrera, hartu zuen mikroa eta bere ideia laburbildu zien. Aurrekoetan egin moduan, bertsolarien txanda izan zen jarraian. Martin hasi zen, eta esandakoen artean, ideia esanguratsu hau kantatu zuen: «Ahazten duen herria, herri ezjakina, hau bera izan liteke auzoko lagina, denentzat izanda ere, denekin egina».
Loraldi betean
Handik Intxaurrondo Kultur Etxeko plazara jaitsi ziren. Eskaileren alde egin zutenek aukera izan zuten Intxaurrondo Hegoa eskolako haurren murala ikusteko. Jolastokiaren beheko alde osoa hartzen du. Kaleko horma lorez bete dute, aurrez zegoen marrazkiaren ondotik abiatuta. «Hegoan euskara ahoan» da aukeratu duten esaldia.
Zabalgunera iritsita, erdian dagoen zulotik behera begira jarri ziren partaideak. Liburutegi patioan lanean zebilen Maialen Arozena ilustratzaile donostiarra. Koloretsua eta alaia, irudiz irudi narratibak sortzen ari zen. Irudia Baratzategi kalean jartzeko zenez, «baratza» hitza hautatu zuen; espazio berrira egokitzeko, ordea, diseinu berri bat egin zuen; bere koadernoko beste marrazki batzuk eta unean egindakoak uztatuz.
Natura oso presente dago: parkean irakurtzen ari den pertsona —Arozena bera—, xakean jolasten ari direnak, egun euritsua… Hain zuzen ere, ingurumenarekiko loturari heldu zion Martinek bere txandan: «Hiri hontan baratzak daude nahiko nagi, zenbat proiektu handi eta agintari porlana landatuz dabil aspaldi. Natura, ordea, da aldakor ta malgu, zuhaitz baten ondoan denok gaude salbu. Eta batzuk nahi dute lursail hori galdu, eta B planetara baten bat bialdu, baina ahaztuagatik natura gara gu».
Erroak eta zubiak
Baratzetik atera, eta berriro kalez kale joan ziren, asfalto gainean, azken geltokira. Bernart Etxepare plazan Lauaizetako ikasleek eta Erroak Sartu elkarteko hamabi gaztek lan egin dute. Aipatu elkarteak egoera zaurgarrian dauden gazteei ogibide bat irakasten die, bizitza duin bat izan dezaten. Elkarrekin kolorez bete dituzte bi horma eta erdian dagoen pasabideko paretak. Kideen artean zubiak sortzeaz gain, mezu argi bat ere jaso dute irudian: «Euskaraz nahiago!». Edo Arinek abestu moduan: «Mural bat baino, letra batzuekin, hauxe doa haratago. Euskal Herrian euskararena dago geroz eta zailago. Arnasguneak, horrelakoak, behar ditugu gehiago; erdara gailentzen den honetan euskaraz dugu nahiago».

