Martuteneko kartzela «donostiarrentzako etxebizitza aukera» bihurtzeko urratsa egin du udalak
Jon Insausti alkatea Txomin II proiektuaren birpartzelazio proiektua aurkezten, udaletxeko prentsa aretoan.Donostiako Udala Donostiako Udalak Txomiñenea II eremua birpartzelatzeko proiektuari hasierako onarpena eman zion asteartean, Tokiko Gobernu Batzordean. Horren bidez, Martuteneko kartzela zaharraren lurrak garatu ahal izango dituzte. “Hiriko eremu estrategiko horretan etxebizitza, ekipamendu eta espazio publiko berrien eraikuntzan aurrera egiteko funtsezko hirigintza izapidea da”, nabarmendu zuen Jon Insausti alkateak.
Partzelen banaketa “ezinbesteko” pausoa da urbanizazio obrak garatu ahal izateko eta aurreikusitako bizitegi sustapenak “errealitate bihurtzeko”. Sustapen horietan 400 etxebizitza inguru, ekipamendu publikoak eta espazio libre berriak sartuko dira, hiriko eremu hori eraldatuko dutenak.
Hiru lursailez osaturiko 35.327 metro karratuko azalera duen eremua da birpartzelatuko dena. Udalarena eremu osoaren %66 da, espetxea inguratzen duten lursailei eta tranbiaren lursail zaharren zati bati dagokiena. Aldiz, Espainiako Justizia Ministerioarena da espetxeak berak hartzen duen lursaila; eremuaren %33.
Proiektuak lursail horiek berrantolatu eta plangintzan aurreikusitako lur zati bihurtzen ditu, eta administrazio bakoitzari dagozkion lurzoru berriak adjudikatzen dizkio. Ondorioz, eremua hainbat motatako etxebizitzetarako bost partzelatan antolatuta dago; hiru udalarentzat eta bi Justizia Ministerioarentzat. Bestalde, ekipamendu publikoetarako partzelak sortuko dituzte, zuzkidura etxebizitzak eraikitzeko partzelak, berdeguneak, espazio libreak eta eremuko bide sarea.
Hurrengo urratsak
Hasierako onarpenaren ondoren, udalak proiektua jendaurrean jarriko du, eta alegazioak aurkezteko epea irekiko dute. Administrazio izapideak ebatzi eta osatu ondoren, udalak behin betiko onartuko du birpartzelazioa.
Aldi berean, eremua benetan garatzeko eta aurreikusitako etxebizitzak etorkizunean eraikitzeko beharrezkoak diren kudeaketa tresnak eta urbanizazio proiektuak lantzen jarraituko dute, Eusko Jaurlaritzarekin egindako lagapen akordioa barne, bi erakundeek sinatutako Etxebizitza Protokoloan jasotzen den moduan.

