«Langileen Donostia» jasotzen duen liburua ondu du Jon Aldabaldetrekuk
Jon Aldabaldetreku Delgado, 'langileen Donostia' libruuaren aurkezpenean. Xalba Ramirez Donostia turismoarekin, Belle Époque-arekin eta Kontxako badiaren irudiarekin lotu izan da batez ere, baina hiriak badu beste historia bat ere: langileriarena. Horixe nabarmendu du Jon Aldabaldetreku Delgado historialariak Langileen Donostia (1939-1975) liburuan.
EHUn doktore tesia egin ostean, EHUren argitaletxean atera du liburua, Donostiako Udalaren laguntzaz. Egileak Donostia “bi badiadun hiritzat” hartzen du, eta Pasaiako badia kokatzen du hiriaren industria gune nagusi gisa. Haren ustez, Donostiaren historia garaikidea ezin da ulertu Pasaiako portuak eta inguruko herriek izandako eragin ekonomiko eta soziala kontuan hartu gabe.
Ikerketak XIX. mendearen amaieratik 1970eko hamarkadara arteko garapena aztertzen du, eta hiru garai nagusi bereizten ditu. Lehenik, 1864an harresiak bota ondoren, hiria hegoalderantz zabaldu zen. XX. mendearen hasieran, turismoaren krisiak Donostiako burgesia industria inbertsioak egitera bultzatu zuen, batez ere ekialdeko ardatzean eta Pasaiako badian. Gero, 1950eko hamarkadatik aurrera, hiriko tailer eta fabrika txiki asko kanpora eraman zituzten. Aldabaldetreren arabera, fabrikak Donostiatik kanpo egon arren, hiriko kapitalak bultzatu zuen inguruko industrializazioa.
Prozesu horrek migrazio handia eta hirigintza aldaketa sakonak ekarri zituen. 1940an, Donostiak ez zituen 100.000 biztanle ere, eta hurrengo 30 urteetan beste 40.000 biztanle inguru irabazi zituen. Langile asko Galiziatik, Nafarroatik, Burgostik, Errioxatik eta Espainiako hegoaldetik iritsi ziren. Biztanleriaren hazkunde azkarrari erantzuteko, auzune berriak eraiki zituzten Altzan, Bidebietan eta inguruko herrietan, baina etxebizitza askok ez zuten oinarrizko zerbitzurik: kaleak asfaltatu gabe zeuden, eta anbulatorioak, haurtzaindegiak eta bestelako azpiegiturak falta ziren. Egoera horren aurrean, auzotarrek antolatu eta borroka egin zuten bizi-baldintza duinak lortzeko.
Historialariaren esanetan, frankismo garaian sortutako desberdintasun sozial eta urbanistikoek gaur egun ere irauten dute. Altza eta Bidebieta bezalako auzoen eta Aiete edo Antigua bezalakoen arteko aldeak horren erakusgarri dira. Jon Aldabaldetreku Historia Garaikidean doktorea da EHUn, eta unibertsitate bereko irakaslea eta ikertzailea. Liburua ikerketa sakon batean oinarrituta dago, eta mapak, grafikoak, argazkiak eta ilustrazioak biltzen ditu. Dagoeneko liburu-dendetan dago salgai, 28 euroan, eta laster Donostia Kulturako liburutegietan ere eskuragarri egongo da.

