Apatxeak Donostian, atxilotuak eta dantzan
Apatxeak XX. mendearen hasierako azpikultura bat ziren, Frantzian oso ezagunak egin zirenak, besteak beste, ustez, gaizkileak zirelako. Onerako edo txarrerako, Frantziako Estatuko mugatik oso gertu dago Donostia, eta, beraz, apatxeen berri izan zuen hiriak duela mende bat.
Merkataritza Zirkuluaren «Festa Apatxea», 1921eko urtarrilaren 6an. Martin Ricardo / Kutxateka Belle époque deitzen zaio Frantziak eta Europako beste zenbait herrialdek XIX. mendearen bukaeraren eta XX. mendearen hasieraren artean bizitako garaiari, eta dotoreziarekin eta aristokraziarekin lotu ohi da. Historiaren itzalean gelditu badira ere, ordea, burges eta aristokrata eleganteak baino askoz ere gehiago ziren langileak, pobreak eta bizitza ahal zuten moduan ateratzen zutenak. Eta, horrez gain, ugariak ziren gizarte gatazkak.
Zentzu horretan, Frantzian, oso ezagunak egin ziren garai hartan apatxeak: Parisen sortutako azpikultura bat ziren, euren janzkeragatik eta, nagusiki, lapurretak egiteagatik eta segurtasun indarrei aurre egiteagatik. Frantziako Estatuko mugatik hain gertu egonik eta hiri burgesa izanik, horren guztiaren oihartzuna Donostiara heldu zen: bere belle époque propioa eduki zuen, gatazkak ugariak ziren baita ere eta apatxeak donostiarren ahotan egon ziren.
Horren erakusgarri da, esaterako, 1921eko urtarrilaren 6an Donostiako Merkataritza Zirkuluak bere egoitzan antolatutako «Festa Apatxea», zeinetara denak «apatxez» jantzita joan ziren dantzatzera; erreportaje honen argazkian ikus dezakezue festa horretako irudi bat. 1922ko azaroaren 15ean, ordea, bestelako albiste bat irakurri zuen hiriak La Voz de Guipúzcoa egunkarian: Donostian «jardun» nahi zuen apatxe talde bat harrapatu dute.
Perronet buru
Albiste horren arabera, sei pertsona atxilotu zituen Poliziak apatxeak izatea leporatuta, lau gizon eta bi emakume. Ustez, Paul Perronet zen taldearen burua, Jules Bonnot eta Octave Garnier anarkista frantsesen taldekide izandakoa eta Frantziako Estatuan zigor aurrekariak zituena, La Voz de Guipúzcoa-ren arabera.
Bestalde, Pierre Roger Dupuy, Edmond Costes Michel —arrautza denda bat omen zeukan Larramendi kalean—, Maria Boya Dupuy eta Susana Blust Denis dira albisteak aipatzen dituen beste atxilotuak; ustez, hainbat etxebizitza erabiltzen ari ziren Donostian, hemen lapurretak eta bestelakoak prestatzeko. Denak Ondarretako espetxera eraman zituztela aipatzen du albisteak, baita Perronet Frantziako Poliziari entregatzekoak zirela ere.
Gaizkile arriskutsu eta parrandazale amorratu gisa aurkeztu zituen denak La Voz de Guipúzcoa-k, Frantziako prentsa kontserbadoreak urte luzez apatxeekin egin zuen moduan. Kontuan eduki behar da, ordea, termino horiekin edo antzekoekin tratatu ohi zuela sistema zalantzan jartzen zuen oro prentsa kontserbadoreak garai hartan ere.



