Morlansen 178 etxebizitza eraikitzeko proiektua aurkeztu dio Jaurlaritzak udalari
Morlansko zuzkidura etxebizitza berrien proiektua.Eusko Jaurlaritza Denis Itxaso etxebizitza sailburuak prentsaurrekoa eskaini du gaur Jaurlaritzak Donostian egin asmo duen etxebizitza proiektu baten berri emateko. Hain zuzen, 178 zuzkidura etxebizitza izango dira Morlansen eraikitzea proposatzen dituztenak, 25 milioi euroko inbertsioarekin.
Itxasok azaldu duenez, gaur bertan jakinarazi diote proiektua Donostiako Udalari eta proiektuaren xehetasun azterketa bidali diote. Zehaztu duenez, gainera, Etxebizitzaren, Lurzoruaren eta Hirigintzaren arloko Presako Neurrien Legeari esker, udalak azkarrago onartu lezake proiektua, eta ondo bidean, 2028an lizitatuko litzateke.
Morlans auzoaren amaieran kokatua, lursail hau Donostiako Udalak lagapen moduan utzi zion Jaurlaritzari urte honetako otsailaren 17an, Loiolako Erriberako beste lursail batekin batera. Itxasok pozik aurkeztu duen duen arren proiektua, kritikatxoa bota dio Donostiako Udalari “konprometituenak diren” lursailak emateagatik.
178 zuzkidura etxebitzia
AMA arkitektura bulegoak garatutako proiektuan, 178 apartamentu izango dituen hiru eraikin aurreikusi dira, logela bakarreko 132 unitate eta bi logelako 46 dituelarik. Oraindik neurriak zehaztu ezin diren arren, gazteentzat txandakako alokairua proposatuko dute, eta adineko jendearentzat, adibidez, bere ohiko etxeak Bizigunen alokatzearen truk joatea bertara.
Aurreproiektuak hormigoizko elementu prefabrikatuen eta lehorreko eraikuntza soluzioen bidez industrializatutako eraikuntza sistema bat proposatu du, “Muntaketa prozesuak sinplifikatzeko”. Proiektuak 70 aparkaleku aurreikusten ditu ibilgailuentzat, 267 plaza bizikletentzat eta 800 metro karratu inguru ekipamendu publikorako.
Itxasok argitu duenez, udalak erabaki beharko du auzoarentzat edo komunitatearentzat diren ekipamendu publikoko lurrak. “Etxebizitzak egiterako orduan, auzoei espazioak eskaini behar zaizkiola uste dugu”, zehaztu du Itxasok, legeak exijitzen duenarekin bat eginez, bidenabar.

Denis Itxasok aurkeztu ditu Morlansko zuzkidura etxebizitzak AMA arkitektura bulegoarekin batera,Xalba Ramirez
Jaurlaritzaren proiektuak
Itxasok zehaztu duenez, Jaurlaritza indarrak biderkatzen ari da EAEn, eta bereziki, Donostian, etxebizitza egitasmo berriak martxan jartzeko. Honela, Loiolako Erriberan 83 zuzkidura etxe eraikiko dituzte udalak lagatako lursail batean, Espainiako Etxebizitza Ministerioak lagatako Intxaurrondoko AEMETen 42 eta bere jabetza den Loiolako Erriberako beste lursail batean 200.
Edonola ere, aipatu moduan, orain Donostiako Udalaren onespena beharrezkoa izango da Morlansko proiektu honi argi berdea emateko. Itxasok ziurtatu duenez, 2027an onartu lezake udalak honakoa.

