Saretxek Egiako familiarentzat bizitoki alternatiba lortu izana ospatu du eta hedabide batzuen jokaera kritikatu
Gizarte Zerbitzuetan protesta egin du Saretxe sindikatuak. Xalba Ramirez Saretxe Etxebizitza Sindikatuak ospatu egin du Egiako etxegabetze arriskuan zegoen familiak etxebizitza alternatiba bat jaso izana. Azaroaren 19an hilabete bete zen familia etxegabetu behar zutenetik, eta, “sindikatuaren lanari eta auzokideen antolakuntzari esker”, bizitoki berria lortu du. Hala, adingabeak dituen familiak ez du kale gorrian geratu beharko, eta auzoan bizitzen jarraitu ahal izango du, urte hauetan eraikitako ingurua eta komunitatea mantenduz. Sindikatuak azpimarratu duenez, “antolakuntza kolektiboan oinarritutako garaipena” izan da, eta prozesuan parte hartu duten auzokideei eskerrak eman dizkie.
Saretxek, halaber, familiaren egoerak etxebizitzaren krisia zeharkatzen duen “arrazakeria estrukturala” agerian utzi duela salatu du. Familiak ez zuen etxebizitza utzi kontratua amaitu zenean, beste bizileku bat aurkitzeko aukerarik ez zuelako, eta sindikatuaren arabera, “higiezinen arrazakeriak” areagotu egin zituen etxebizitza eskuratzeko oztopoak. Donostiako Udalaren esku-hartzea positibotzat jo badu ere, erabakia hauteskunde testuinguruari eta udal gobernuaren irudi publikoa zaintzeko interesari lotu dio. “Ezin dugu onartu erabaki puntual honek errealitatea desitxuratzea”, adierazi du Saretxek, etxegabetzeak ez direla kasu isolatuak eta udalak egiturazko arazoari aurre egiteko benetako borondaterik ez duela argudiatuta. Gainera, kritikatu egin du El Diario Vasco-k familiak berak baino lehenago jaso izana etxebizitza alternatibaren berri.
Bestalde, etxebizitzaren krisiaren inguruan sortutako polemika salatu du sindikatuak, gatazka maizterren eta jabe txikien arteko liskar gisa aurkeztea ikuspegi okerra dela iritzita. Saretxeren esanetan, “jabe txikiaren mitoak” etxebizitzaren merkantilizazioa eta espekulazioa ezkutatzen ditu, eta “langile klasea elkarren aurka” jartzen du, benetako erantzukizunak bistatik galduz. Horren harira, komunikabideei eskatu die “denontzako irtenbideak bultzatuko dituen enfoke periodistikoak” erabiltzeko, familiaren kasuaren berri ematean ikuspegi hori elikatu zutela uste baitu.
Azkenik, sindikatuak nabarmendu du familiaren egoera Saretxerekin harremanetan jarri izanari esker konpondu dela; bestela, beste “etxegabetze isil” bat izango zela ohartarazi du. Horregatik, etxebizitza sindikatuak etxegabetzeei aurre egiteko eta alternatibak lortzeko duen garrantzia aldarrikatu du. Greba Orokorrean Donostian eta Euskal Herrian etxebizitzaren aldeko borroka indartzeko baldintzak agerian geratu zirela gogorarazi du, eta norabide horretan lanean jarraituko duela iragarri. “Egoera iraultzeko antolakuntza da gure berme bakarra”, ondorioztatu du.

