Sorleku parkea ireki dute, hesitutako gune batzuekin
Parte hartze prozesutik bederatzi urte luze pasatu direnean, azkenik, erabilgarri dago. Halere, basoa osatuko duten zuhaitzak landatzea falta da.
Intxaurrondoko Sorleku parkea trenbidearen eta Dbusen kotxetegiaren artean dago.Inaxio Esnaola Intxaurrondoko lekua sortzea kostatu den arren, dagoeneko irekita dago Sorleku parkea. Donostiako Udalak astearteko Tokiko Gobernu Batzordean baimendu zuen haren irekiera, nahiz eta oraindik zeharo bukatu gabe dagoen. Izan ere, kotxetegiaren aurrean jarriko duten basoa osatzeko zuhaitzak falta dira, eta horiek abenduan landatzen hasiko dira. Horrela ere, alderik alde zeharkatu daiteke, iturria badabil, eta atsedena hartzeko egurrezko zein harrizko eserlekuak daude.
Izenak badu bere izana eta historia luzea. Sorleku parkearen egitasmoa 2017an jarri zuen abian Alubi elkarteak, Donostiako Udalaren MartxUp programaren bitartez. Ondoren, bi parte hartze prozesu egin zituzten; bata, Zurriola Ikastolako haurrekin, eta, bestea, auzoko beste haurrekin, adinekoekin eta elkarteekin. Bigarren fasea 2021ean egin zuten, eta parkearen diseinua zehaztu zuten. Guztira, 300 haurrek baino gehiagok parte hartu zuten.
Sorleku parkearen proiektua eta diseinua udalaren esku utzi zuten, lanak lizitatu eta martxan jartzeko. Ordea, proiektua apal batean sartu, eta geldirik izan zuten hainbat urtez. Are gehiago, Intxaurrondoko lursail horretan aparkaleku bat jartzeko aukera aztertzen ari zirela esan zuen Eneko Goia orduko alkateak, 2024ko urrian. Erabaki horrek sortu zuen udal gobernua osatzen duten EAJren eta PSE-EEren artean —sozialistak parkearen aldekoak ziren—.
Parkearen alde
Hori dela eta, Sorleku parkearen aldeko mugimendua suspertu zuten partaidetza prozesuan parte hartu zuten gurasoek eta auzotarrek. Mobilizazio koloretsua eta esanguratsua egin zuten urte hartako azaroaren hasieran, Parkingik ez, parkea orain! lelopean. Horri esker, udala parkea errealitate bihurtzeko urratsak egiten hasi zen.
Iazko urrian, azkenik, aparkalekua baztertu eta Intxaurrondoko leku horretan Sorleku parkea jartzeko kontratazio espedientea onartu zuen udalak. 2026. urte bukaerarako prest egotea aurreikusi zuen Jon Insausti alkateak, eta Tokiko Gobernu Batzordeak pasa den martxoan adjudikatu zituen parkea eraikitzeko lanak. Guztira, 713.900 euroko inbertsioa egin dute Sorleku parkea errealitate bihurtzeko. Horrela, udalak egindako iragarpena bete ahal izan du, nahiz eta oraindik parkea osatzeko elementuak falta diren.

