Tabakalerako plaza «berdegune bihurtzeko» asmoa du udalak
Tabakalera plaza berdegune bihurtu nahi du udalak.Donostiako Udala Adifekin hitzarmena sinatu zuen Donostiako Udalak aurreko astean Tabakalerako plaza urbanizatzeko. Aste honetan udalak jakinarazi du hitzarmenean plaza “berdegune bihurtzeko” asmoa duela, eta hala sinatu dutela hitzarmenean, Adifekin batera.
Juan Marrero Obra eta Hiri Proiektuetako zinegotzi delegatuak akordioa funtsezkoa dela nabarmendu du, “Atotxako geltoki berriaren ingurune osoa eraldatzeko”. Hitzarmenari esker, egindako lanei jarraipena egitea du helburu udalak, baita “Donostiari herritarren gozamenerako pentsatutako plaza bat” ematea ere.
Hala, hitzarmenean sinatutakoaren arabera, hormigoi armatu aurreatezatuzko lau loreontzi handi jartzea proposatu dute, bakoitza 22 metro inguruko luzera izango du eta bakoitzean bost edo sei “tamaina handiko” zuhaitz jarriko dituzte. Beraz, 20-24 zuhaitz artean jartzea dute aurreikusita, “itzal naturala sortzeko eta espazioaren ingurumen baldintzak hobetzeko”.
Aurreko asteazkenean zabaldu zuen udalak Adifek obrak eta horiei lotutako laguntza teknikoak egiteko kostuaren %100a finantzatuko duela: 5.106.185,41 euro (BEZa barne). Halaber, hitzarmenari aurre egiteko, udalak irailean 217.800 euroko konpromiso kredituak onartu zituen 2027rako eta 193.600 eurokoak 2028rako.


