Txuri Urdin lehiara itzuliko da, lehen postuari begira
Realeko belar hockey taldea etxetik kanpo ariko da, eta bi futbol taldeek hiru puntuak batzeko norgehiagokak izango dituzte.
Txuri Urdineko neskak, partida batean.Txuri Urdin Bi asteko atsedenaren ondoren, Txuri Urdineko neskak lehiara bueltatuko dira bihar, Anoetako izotz jauregian. Euskal derbia jokatuko dute Tartalo gasteiztarren aurka, eta lidergoan bakarrik geratzeko aukera on bat dute. Horretarako, donostiarrek irabazi eta Majadahondak galdu beharko luke. Bi taldeak berdinduta daude 21 punturekin. Aldiz, arabarrek ez dute bakar ere batu.
Belar hockeyan, neurketa zailari aurre egin beharko dio Realak. Etxean galduta, etxetik kanpo ariko dira Junior talde indartsuaren zelaian, igandean, 12:00etan. Sailkapen nagusiko hirugarren tokian dauden kataluniarrak, eta ligako indartsuenetakoak dira. Beraz, txuri-urdinak maila oso onean aritu beharko dira ezustekoa emateko.
Futbolean, Realeko neskek Anoetan galdutako derbi mingarria ahazteko partida izango dute igandean, 12:00etan. Oraingoan, ordea, Zubietan jokatuko dute Sevillaren aurka. Sailkapenean atzetik dituzte andaluziarrak, baina soilik hiru puntura. Athleticen kontrakoa istripu bat izan zela erakusten ahaleginduko dira txuri-urdinak. Aldiz, Realeko mutilek ligako neurketa izango dute, selekzioen etena gaindituta. Etxetik gertu ariko dira, Sardinero zelaian, Racingen aurka, igandean, 16:15ean. Ligako bolada onari eusteko erronka izango da Santanderren hiru puntuak batzea. Batez ere, sailkapen nagusiko bosgarren tokia egonkortzeko.
Saskibaloian, Ibaeta Basket Salamancako ezustekoa errepikatzen saiatuko da igandean Zaragoza liderraren aurka, Gaska kiroldegian (18:00). Aragoikoek jokaturiko zazpi neurketak irabazi dituzte, eta, beraz, Azu Muguruzaren neskek sasoi honetan erakutsitako mailarik onena eman eta gainditu beharko dute. Bestalde, Askatuak Gipuzkoa Basketek burua altxatzeko beste partida bat jokatuko du igandean, Albaceteren pistan (12:00).
PARTIDAK
Izotz hockeya
Emakumezkoen lehen maila, 9. jardunaldia
- Txuri Urdin – Tartalo (bihar, larunbata, 20:30)
Belar hockeya
Emakumezkoen ohorezko maila, 10. jardunaldia
- Junior – Reala (etzi, igandea, 12:00)
Futbola
Emakumezkoen lehen maila, 12. jardunaldia
- Reala – Sevilla (etzi, igandea, 12:00)
Gizonezkoen lehen maila, 13. jardunaldia
- Racing – Reala (etzi, igandea, 16:15)
Saskibaloia
Emakumezkoen lehen maila, 8. jardunaldia
- Ibaeta Basket – Zaragoza (etzi, igandea, 18:00)
Gizonezkoen bigarren maila, 9. jardunaldia
- Albacete – Askatuak Gipuzkoa Basket (etzi, igandea, 12:00)

