Zeinen gauza polita den greba orokorra
LABeko hainbat ekintzailek errepidea moztu zuten greba orokorrean.Xalba Ramirez Zeinen gauza polita den greba orokorra (nagusia ez bazara, behintzat). Baina hitzak erabilera bitxia du: bezperan, galdera moduan dago gehienon ahotan. Egunean bertan, oihu moduan. Biharamunean, hizketagai bat da. Etzi, ordea, ahanzturan erortzen da.
Amélie filma gogoratzen? «Hatzak zerura seinalatzen duenean, ergelak hatzari begiratzen dio». Halaxe nahasten ditu ezkerrak helburuak eta bitartekoak, entseguak eta funtzio nagusiak, besarkadak eta labanak. Aspaldi utzi zutenez parlamentuek boteregune izateari, manifestazioek ere ez dute lehen zuten jomuga bera. Egun, ohartuko gara noizbait, langile jendearen desiran baino ez dute eragiten. Galdera honakoxeak beharko luke: zer aldarterekin joan nintzen manifara, eta zeinekin atera nintzen? Alegia, sormen ariketa bat izan zen, etorkizuneko gizarte baten ernamuina eta abar, eta abar, edo, besterik gabe, betiko jendea ikusteko paseo luuuuuuze luuuuuuuuuuuuzea?
Nik, horregatik, greba egunetan, oso ondo pasatzen duen jendea miresten dut gehien. 68ko Parisko pintaketa horiek oroituz: «Barrikadek kaleak mozten dituzte, baina bideak irekitzen». A, eta ez nuke nahi nik hatzari begiratzen gelditu, partikularrean ez ikusi osotasuna eta alderantziz, eta bozkekin ere nahiko nuke, ba, nik gelditu gogor zapaltzen duen munstro zatar hori. Gerrari gerra egitea izango da bakea.

