Igarotako bidearen kronologia bat
Indarkeria matxista

Itaiak etxebizitzaren arazoak emakume langileengan dituen ondorioak aztertu ditu Donostian

Etxebizitzaren auziaren eta indarkeria matxistaren arteko lotura aztertzen duen ikerketa txostena aurkeztu dute Egiako Aitor Ikastolan egindako hitzaldian. Azaroaren 25eko mobilizazioan parte hartzeko deia ere egin dute.

Itaiaren eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren txostenaren aurkezpena. Itaia

Itaiak eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideek etxebizitzaren arazoak emakume langileengan dituen ondorioak aztertzen dituen ikerketa txostena aurkeztu dute gaur, azaroak 21, Egiako Aitor Ikastolan. Aurkezpena “Etxebizitza emakumeon aurkako indarkeria espazioa”  izeneko hitzaldiaren barruan egin dute, 11:00etan hasitako ekitaldian. Hitzaldiaz gain, azaroaren 25eko kanpainaren baitako laneguna ere antolatu dute.

Aurkeztutako txostenean, etxebizitzaren auziak eta indarkeria matxistak gaur egun hartzen dituzten formak eta bien arteko loturak aztertu dituzte. Besteak beste, etxebizitzarako sarbidean genero-arrakala handitzen ari dela, emakumeentzako baliabideak urriak eta kalitate txarrekoak direla eta errealitatearen eta erakundeen diskurtsoen artean kontrastea dagoela azaldu dute. Kontrola eta burokrazia ere hizpide izan dituzte.

Analisi teorikoaz gain, Etxebizitza Sindikatu Sozialistara jo duten pertsonen testigantzak eta datuak bildu dituzte txostenean, eta horietako zenbait aipatu dituzte aurkezpenean. 

Ondorioetan, etxebizitza eskubidea emakume langileentzat bermatzeko eta indarkeria matxistaren aurkako borroka indartzeko hainbat egiteko nabarmendu dituzte. Zehazki, emakume langileentzako babes materiala eta soziala antolatzea, eraso guztien aurrean eta erasotzaileen inpunitatearen aurka erantzun irmoa ematea eta sozialismoaren aldeko antolakuntza iraultzailea sustatzea proposatu dute.

Itaiaren arabera, emakume langileen zapalkuntzaren eta etxebizitzaren auziaren izaera estrukturalak emakumeak egoera zaurgarrian kokatzen ditu etxebizitza eskuratzeko orduan. Horren adibide gisa aipatu dituzte emakumeen baldintza ekonomiko okerragoak, etxebizitza eskuratzeko zailtasun handiagoak, erasotzaileekin bizitzen jarraitzera behartuta dauden emakumeen egoera eta eraso bat salatu ondoren jasaten duten birbiktimizazioa. Kontrola eta burokrazia ere oztopo gisa identifikatu dituzte.

Azkenik, etxebizitzaren arazoa eta indarkeria matxista gogortzen ari direla ohartarazi dute, eta borroka eta mobilizazioa “urgentziazko auzia” direla adierazi. Testuinguru horretan, azaroaren 25ean Donostian egingo duten mobilizazioan parte hartzeko deia egin dute. Manifestazioa 18:00etan abiatuko da Bulebarretik, Indarkeria Matxistaren aurka borrokatu lelopean.

HITZAkide HITZAkide