La Sallek barkamena eskatu die Patxi Ezkiagaren sexu abusuen biktimei, eta gertatutakoa aitortu du plaka baten bidez
La Salle erakundearen aitortza jaso dute Patxi Ezkiagaren sexu abusuen biktimek. Xalba Ramirez La Salle kongregazioak barkamen publikoa eskatu die Patxi Ezkiaga zenaren sexu abusuen biktimei, Donostiako ikastetxearen atarian larunbat honetan egindako erreparazio ekitaldian. Kongregazioak, gainera, gertatutakoaren erantzukizuna bere gain hartu du, eta biktimak behar bezala babestu, artatu eta defendatu ez izana aitortu du. Ekitaldian, urte eta erdiko prozesuaren ondoren, ikastetxeko sarreran oroimenezko plaka bat jarri dute, “haurtzaroa indarkeria mota orotatik libre” egongo den hezkuntza espazioa aldarrikatzeko.
“Berariaz barkamena eskatzen diegu biktima guztiei eta haien familiei, bai Patxi Ezkiaga anaiak egindako sexu abusu larriengatik, bai garai hartan abusu horiek saihesteko gai izan ez ginelako”, adierazi du Esteban de Vega La Sallek Espainian eta Portugalen duen arduradunak. Haren hitzetan, horrek “erasotzailearentzat zigorgabetasun giroa” sortu zuen, eta urte luzez biktimen duintasunaren eta eskubideen aurka jarduteko aukera eman zion.
De Vegak kongregazioaren izenean aitortu du gertatutakoak eragindako “kalte eta sufrimendu izugarria”, eta azaldu du La Sallek ez zituela biktimak behar bezala babestu, lagundu eta artatu. “Badakigu hitz bakar batek ere ezin duela bizitakoa ezabatu, baina mina aitortzen, erantzukizunak hartzen eta antzeko gertakariak berriro ez gertatzeko lanean lagun dezake”, gaineratu du.
Ekitaldian 300 pertsona baino gehiago bildu dira, tartean Mikel Mancisidor arartekoa, Jon Insausti Donostiako alkatea, EH Bilduko eta PSE-EEko zinegotziak eta Pello Salaburu EHUko errektore ohia eta biktimak. Salaburuk aurkeztu du ekitaldia, eta prozesuan bitartekari eta laguntzaile aritu da.
“Aitortza publikoak ez du iragana aldatzen, baina laguntzen du”
Marisol Zamorak hartu du hitza biktima guztien izenean. Ezkiagaren aurkako salaketa publiko bat aurkeztu zuen lehen emakumea izan zen, 2024ko ekainean, ia 50 urtez isilik gordetako bizipenak kontatu ostean. Haren lekukotasunaren ondoren, hogeita hamar bat salaketa agertu ziren, baita salatzera ausartu ez ziren beste emakume batzuen testigantzak ere.
Zamorak azaldu du abusuek eragindako ondorioek urte luzez iraun dutela: beldurra, segurtasunik eza eta besteengan konfiantza izateko zailtasunak, besteak beste. “Abusuak aitortzeak ez du mina amaitzen, baina elikatzen duen isiltasuna hausten du”, adierazi du.
Halaber, biktimen eta erakundearen arteko erantzukizuna argi bereizi nahi izan du: “Gertatutakoaren erantzukizuna ikastetxearena eta La Salle kongregazioarena zen, ez gurea; haurrak ginen”. Izan ere, azaldu duenez, haurrek irakasleengan eta hezi eta zaindu behar dituztenengan jartzen dute konfiantza. “Horregatik, kaltea ez da amaitzen abusuak amaitzen direnean. Babestu behar zintuenak zauritu zintuela ohartzen zarenean jarraitzen du kalteak”.
Zamoraren arabera, aitortza publikoak ez du iragana aldatzen, baina biktimei kendutako duintasunaren zati bat berreskuratzeko balio du. Erreparazioa, ordea, ez dela barkamena eskatzea soilik nabarmendu du: “Entzutea, egia aitortzea, erantzukizunak hartzea eta antzeko ezer berriro gerta ez dadin lan egitea” ere badela esan du. Baita, ekitaldia bukatzerakoan ere, biktimei entzuten jarraitzea ere.
Erreparazio kolektiboa lortzeko bide luzea
Ekitaldia ia bi urte eta erdiko prozesu baten amaiera da. Zamorak 2024ko ekainean egin zuen lehen salaketa publikoaren ondoren, biktimek erreparazio kolektiboa eskatu zioten La Salleri. Arartekoak 2025eko urtarrilean ekin zion bitartekaritza lanari, baina negoziazioek hainbat desadostasun izan zituzten.
Izan ere, kongregazioak hasieran uko egin zion erreparazio ekitaldi publiko bat egiteari, eta biktimentzako banakako erreparazioa proposatu zuen, Eliza katoliko espainiarraren PRIVA mekanismoaren bidez. Arartekoak, ordea, otsailaren 10ean argitaratutako txostenean adierazi zuen erreparazioa ezin zela kalte ordain ekonomiko indibidual batera edo keinu sinboliko isolatuetara mugatu. Erreparazioak “integrala” izan behar zuela defendatu zuen: terapeutikoa, soziala, morala eta kolektiboa.
Txostenaren ondoren, elkarrizketak berriz hasi ziren hiru aldeen artean, eta azkenean larunbateko ekitaldia adostu zuten. Bidean, apirilaren 11n Loiolan biktimen alde egindako ekitaldia eta ekainean Olatz Mercaderrek eta Marisol Zamorak Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldia ere izan ziren. Urriaren 26an, Donostiako Udaleko bost talde politikoetako bozeramaileek adierazpen instituzional bat sinatu zuten, hezkuntza testuinguruetan gertatutako abusuen biktimen aitortza eta babesa aldarrikatzeko.
Prozesuan zehar, desadostasunak ere izan dira kongregazioak zer zekien eta zer ez zekien, eta biktimak babesteko zer neurri har zitzakeen inguruan. Pello Salaburuk gogorarazi duenez, “biktimen eta kongregazioaren bertsioak ez datoz guztiz bat”, bereziki gai horiei dagokienez.
Ekitaldiaren amaieran, De Vegak berak agerian utzi du ikastetxeko sarreran jarritako plaka. Euskaraz eta gaztelaniaz idatzitako inskripzioak honela dio: “Ikastetxe honetan sexu abusuak jasan zituzten biktimen oroitzapenak hezkuntza espazio hau indarkeria mota orotatik libre dagoen haurtzaroarentzat segurua izan dadin zaindu dezala. Patxi Ezkiagaren biktimei”.
Plakak gertatutakoaren memoria ikastetxeko espazioan bertan txertatzen du. Biktimen aldarrikapena, ordea, harago doa: aitortza publikoa beharrezkoa izan da, baina erreparazioa ez da egun bateko ekitaldian amaitzen. Zamorak gogorarazi bezala, entzutea eta erantzukizunak hartzea eguneroko konpromiso bihurtu behar dira, etorkizuneko belaunaldiek benetan seguruak diren hezkuntza espazioetan hazi eta ikas dezaten.


