Igarotako bidearen kronologia bat

Topoaren igarobide berria ez da kontsentsu totalean ireki; herritarrek protesta egin dute berriz ere

Bizilagunen mugimenduak egitasmoa "behar gabekoa eta erokeria" dela salatu du, eta proiektuaren kostu ekonomikoa, garraio publikoan izango duen eragina eta hirigintzako ondorioak kritikatu ditu.

Topoaren igarobidearen irekiera egunean, protesta egin du Satorralaiak.Xalba Ramirez

Satorralaiak bizilagunen mugimenduak Donostiako topoaren pasantearen aurkako elkarretaratzea antolatu du gaur, larunbata, eguerdiko 12:00etan, Easo plazan. Protestaren bidez, Donostiako metroaren inguruan duten desadostasuna adierazi dute, umorea eta aldarrikapena uztartuz.

Imanol Pradales izan dute umorezko ekitaldian, eta Lehendakari faltsuak topoaren “onura” guztiak azaldu ditu, entzuleen burla eta oihu artean. Beñat Gaztelumendi bertsolariak ere parte hartu du, Txirritak Norteko ferrokarrila-ri XIX. mende amaieran jarritako bertsoak berreraikiz. Bertaratutakoek abestu dituzte kopla hauek: “Eason bazen estazio bat / elegantea zeharo / baina moderno izan nahi dugu / beraz lehengoa akabo; New Yorken, Moskun, Parisen eta / Bilbon metroa badago / Donosti ezin daiteke izan / hoiek baino gutxiago”. 

Eztabaida eta polemika

Taldeak gogorarazi du egitasmoak eztabaida eta polemika handia sortu dituela 2009an proiektua abian jarri zenetik. Haren arabera, hasieratik izan dira metroaren beharra eta kostua zalantzan jarri dituzten ahotsak. Hala ere, 2017an obrak hasteko agindua eman zen, eta herri galdeketa eskatzeko Satorralaiak taldeak 9.000 donostiarren sinadurekin aurkeztutako eskaera baztertu zuten.

Ia hamar urteko obren ondoren, mugimenduaren balorazioa oso negatiboa da. Lehenik eta behin, proiektuaren kostu ekonomikoa salatu dute. Haien datuen arabera, 4,2 kilometroko ibilbidearen eraikuntza lanek 340 milioi euro inguruko kostua izan dute, hasierako aurreikuspenak nabarmen gaindituz. Mirakontxa-Easo zatian, gainera, %162ko gainkostua izan dela adierazi dute.

Garraio publikoaren ikuspegitik ere proiektua desegokia dela uste dute. Satorralaiaken arabera, metroak autobus zerbitzuetako erabiltzaileak erakarriko ditu batez ere, eta horrek Dbusen eta Lurraldebusen zerbitzuak murriztea ekar dezake. Ondorioz, Donostiako hainbat auzotan eta inguruko herrietan garraio publikoaren irisgarritasuna okertzeko arriskua dagoela ohartarazi dute. Gainera, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren azterlan batean oinarrituta, metroak Donostialdean autoz egiten diren joan etorrien %1 baino ez lukeela bereganatuko diote.

Jasangarritasuna ere zalantzan

Azpiegituraren segurtasuna eta jasangarritasuna ere jarri dituzte zalantzan. Kontxako hondartzaren eta hirigunearen azpian egindako lanek arazoak eragin dituztela gogorarazi dute, eta metroaren trazadura konplexuak mantentze  eta ustiapen kostu handiak ekarriko dituela aurreikusi dute. Energia-kontsumo handia eta azpiegituraren zenbait elementuren arriskugarritasuna ere salatu dituzte. Bereziki, Pio Barojako larrialdi-irteeraren galeria aipatu dute: 500 metroko arrapala eta 400 eskailera inguru ditu, 68 metroko desnibela gainditzeko.

Azkenik, metroaren proiektua Donostiako hirigintzaren espekulazioarekin lotu dute. Haien ustez, azpiegiturak hiriguneko merkataritza- eta turismo-interesak lehenesten ditu bizilagunen beharren gainetik, eta horren ondorioz Easo plazako EuskoTrenen geltoki nagusia betiko galduko da.

Bertso honekin amaitu du Gaztelumendik: “Turistentzako metroa eta / bertakoentzako trena / aurrerantz omen dabilen hiri / honen ibili herrena! / Donostiako ziudadea, / ederretan ederrena / lehen hiru txulo omen zituen / eta orain laugarrena”.

HITZAkide HITZAkide