Aitor Mendiluze izutu gabe nagusi, Illunbeko finalerdian
Andoaindarrak 760 puntu eskuratu ditu Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako bigarren itzuliko lehenengo finalerdian. Haren atzetik gelditu dira Joanes Illarregi (729,5 p.), Aner Peritz (719 p.), Julio Soto (696,5 p.), Agin Laburu (695,5 p.) eta Saioa Alkaiza (670 p.).
Aitor Mendiluze aise gailendu da Illunbeko bertso saioan.Bertsozale Bazegoen ikusmira berezia Illunbeko oholtza gainean; sei izen, sei protagonista, hamabost bertso puntuagarri, epaile-talde berria, hiru bertsolari sei punturen bueltan eta Illunberen handitasunak ekarri zezakeen errespetua esaterako. Berezitasun asko zituen Donostiako finalerdi honek eta bakoitza xehe-xehe aletu nahiko genuke saioaren tripak nahasten hasi aurretik.
Goian esan bezala, sei bertsolari aritu dira kantuan Illunben 3.000 bertsozaleren aurrean, baina sei protagonista hauek ez zituzten aukera berdinak gaurko saioa hasi aurretik. Izan ere, finalerdiak bi itzulitara jokatzen ari dira, hau da, lehenengo finalerdian erdietsitako puntuak bigarren finalerdietako puntuei batzen zaizkie eta behin bi puntuazio horiek batuta, lehen zazpi bertsolari puntuatuenek abenduaren 20an Nafarroa Arenan izango den finalerako txartela lortuko dute. Gogoratu beharra dago momentuz, finalean dagoen
bertsolari bakarra Maialen Lujanbio dela, 2022ko txapelduna delako. Beraz, gaurko finalerdiaren aurretik aukera handienak zituztenak finalerako lehian egoteko Julio Soto
(733,5 p.), Aitor Mendiluze (713 p.), Aner Peritz (707 p.) eta Joanes Illarregi (707 p.) ziren. Saioa Alkaiza eta Agin Laburu koxka bat beherago zeuden saioa hasi aurretik, 689,5 eta 687 punturekin hurrenez hurren.
Bertsolarien aukerak aletzen ari garelarik, duela lau urteko txapelketarekin alderatuz, hona hemen hainbat datu esanguratsu. Batetik, lehenengo finalerdian zein bigarren finalerdian hamabost bertso puntuagarri izango dira (lehenengo itzulian puntutan launa bertso osatzen dituzten arren, hiru bertso bezala epaitzen dira). Bestetik, duela lau urteko edizioan, soilik bost bertsolari zeuden 690 puntutik gora lehenengo finalerdi guztien ostean; aurtengo edizioan aldiz, hamalau bertsolari. Bertso puntuagarri kopurua berdina izan arren, 2026ko txapelketan puntuazioak nabarmen egin du gora, beraz, 2022ko edizioaren konparaketetan murgiltzeak ez digu askorako balioko finalerdi guztiak bukatu arte. Datu honi gehitu beharko genioke, aurtengo edizioko bigarren finalerdian bertso puntuagarri bat gehiago egongo dela eta beraz, 2022ko bigarren finalerdiak 700 punturen azpitik ibili ziren arren, aurtengoan onenak 700 puntutik gora egongo direla, ez badute irristada nabarmenik egiten.
Kontutan izateko beste datu bat da epaileena. Lehenengo itzulian zazpi epaileko epaile-talde bera aritu da saio guztiak epaitzen, bigarren itzulian berriz, zazpi epaile berri izango
dira. Epai-irizpideak ahalik eta objektiboen eta zehatzen ezarrita dauden arren, epaile bakoitzak bere gustu eta manerak ditu. Ikusi beharko dugu ea puntuazioak nabarmen igotzen diren edo lehenengo itzulian zigortu edo goraipatu direnak, desberdin irizten dituzten. Azken finean, bertsoaren epailetzak asko baitu subjektibotasunetik. Gaurko saioak bazuen tentsiotik ere. Illunbe plaza handia da, orain arte pilotalekuetan egin dira saioak, baina bigarren itzulian jauzi handi bat ematen da bertsozale gehiago bertaratzen delako.
Edukiera handiagoa duten guneetan kantatzea zailagoa izaten dela diote bertsolariek eta kontzentratzeko zailtasunak izaten omen dituzte askok. Bertso-plaza handi hauei, unean uneko tentsio eta urduritasunak gehitu behar zaizkie. Saioa hasi aurretik, Aitor Mendiluze zen sailkapen orokorrean zazpigarrena, hau da, finalera sailkatuko litzakeen azken bertsolaria eta haren atzetik zeuden puntutan berdinduta (707 p.) Aner Peritz eta Joanes Illarregi. Beraz, komeni zitzaien hasiera-hasieratik hirurei konzentrazioa une oro
mantentzea, kolpea emateko aukera zegoenean kolpea ematea eta bertsoaldi zailenetan eusten jakitea, irristadarik txikienak ere finalisten bagoitik botatzeko arriskua baitzekarren eta tentsio-puntu hori hasieratik islatu da plazan.
Txanponaren beste aldean aldiz, Julio Soto nafarra zegoen, 733,5 puntu lortu zituen aurreko larunbatean Miarritzeko finalerdia irabazita eta abantaila dezentea zuen gaurko
kantukideekin alderatuz. Hala ere, Gorritiko bertsolariari bere mailarik onena erakustea komeni zitzaion, beti egon baita final nagusira iristeko borroka bizian azken unera arte, baina momentuz sekula ez du lortu. Orain bai, behin jakin beharreko xehetasun guztiak biluztuta, gaurko saioaren erroetara joango gara, badagoelako zer kontatua eta. Esan bezala, Mendiluze andoaindarra nagusitu da Illunben. Gernikako finalerdia irabazi zuen bakarka ‘’izu’’ hitzarekin poto eginda eta gaur potorik egin gabe, jaun eta jabe izanda. Amaierako agurrean bota du gaur ez dela bitan izutu eta nabarmentzekoa izan dabzortziko txikian Illarregirekin egindako ofizioa. Joanes Illarregi eta Aner Peritz, Aner Peritz eta Joanes Illarregi. Biak 707 punturekin zeuden gaurko saioaren aurretik. Harro egoteko moduko txapelketa egiten ari dira, izan ere, oraindik ezin dugu azken bertsoak kantatu dituztela esan. Bizi bizirik daude bi gazteak. Edonor harritzeko moduko saioa egin dute biek, bakarkakoetan goia joz eta ofizioetan distiratsu abestuz.
Agin Laburuk ere utzi ditu altxor ale politak. Askotan kantatu du Illunbeko oholtza horretan (Gipuzkoako final askotan egon baita) eta bere humore eta bertsokera propioari ez dio muzin egin. Batzuetan hobeto ibili da eta bestetan nola edo eutsi nahian. Hau ere, Mendiluzeren moduan, puntu-erantzunetan artista dugu eta gaurkoan ere argi gelditu da lan horretan eroso sentitzen dela. Horretaz gain, oso ondo ibili da lanaldi askotan. Saioa Alkaizak bere gaitasunak ederki argitaratu ditu Illunbeko mikrofonoetatik. Kristorenak
eta bi egin behar zituen bertsolari nafarrak finalerako borrokan bizirik mantentzeko, eta horretaz gain, bere gainetik zeuden beste lau bertsolariek ezin zuten asmatu. Hala ere,
behin eta berriro entzuteko moduko ganbarakoa egin du “Sortu den isiltasuna apurtzea erabaki duzu” gaitzat hartuta eta osaba arrazistaren jarrerak arbuiatu ditu. Gogoratu, arestian aipatu dugun bezala, gaurko puntuak lehenengo itzuliko puntuekin batu behar direla eta beraz, momentuz honela dugu sailkapen nagusia (bi finalerdi falta dira):
Mendiluze 1473 p., Illarregi 1436,5 p., Soto 1430 p., Peritz 1426 p., Laburu 1382,5 p. eta Alkaiza 1359,5 p.. Mendiluze matematikoki finalean ez dagoen arren, puntu asko lortzera
behartzen ditu gainontzeko hautagaiak eta azken edizioarekin alderatuko bagenu, puntu-zaku horiekin barruan legoke, baita Illarregi ere. Peritz eta Soto aldiz, muga-mugan egongo direla dirudi eta gainontzeko saioak amaitu arte ez dugu jakingo zehatz nortzuk izango diren onenak, ikusi egin beharko da ea besteek asmatzen duten euren saioetan. Duela lau urte, 1.332 punturekin sailkatu zen azken finalista (Joanes Illarregi); horren bataz bestekoa aterako bagenu, 6,56 puntu bertso bakoitzeko. Gaur egun, bataz besteko horretatik gora leudeke, beraz aurten 100 puntu gehiago beharko direla dirudi.
Abenduaren 20an Nafarroa Arenan izango den finalerako txarteletako bat lortzeko azken hiru bagoietatik lehena izan da Donostiakoa. Gasteizen arituko dira datorren larunbatean Beñat Gaztelumendi, Ane Labaka, Aitor Bizkarra, Nerea Ibarzabal, Sustrai Colina eta Maddi Ane Txoperena Lierni Altuna gai-jartzailearen esanetara. Azken finalerdia, abenduaren 12an izango da Bilbon, Alaia Martin, Amets Arzallus, Miren Artetxe, Nerea Elustondo, Oihana Iguaran eta Xabat Illarregi, eta bertan jakingo ditugu matematikoki zein zazpi bertsolari igoko diren Lujanbiorekin batera abenduaren 20ko finaleko oholtzara. Gelditzen diren bi finalerdietarako sarrerak bertsosarrerak.eus atarian salgai dituzue oraindik. Gogoratu, finalerako sarrerak aspaldi amaitu zirela eta beraz, sarrerarik ez duzuenok telebistatik gozatu beharko duzue.

