Realak kopan aritzeko urrezko puntua lortu du ligan
Txuri Urdineko neskek, berriz, aise menderatu dute Tartalo eta ligako lehen postuan bakarrik geratu dira. Realeko nesken futbol taldeak eta Askatuak Gipuzkoa Basketek ere irabazi dute asteburuan.
Realeko belar hockey taldeko bi jokalari gol bat ospatzen, Juniorren zelaian.Reala Ainhoa Huegunek urrian hedabide honi adierazi moduan, Realeko belar hockeyko taldearen helburua koparako sailkatzea zen, eta atzo eguerdian lortu zuten. Txuri-urdinek malda gora jarri zen partida berdintzea lortu zuten, Junior talde indartsuaren zelaian (2-2). Bigarren zatian etxekoak baino hobeto aritu ziren donostiarrak, eta Luciana Molinaren eta Federica Cartaren golekin urrezko puntua eskuratu zuten. Ligako hamargarren jardunaldian erabaki ohi da kopa zein zortzi taldek jokatuko duten. Reala zazpigarren postuan iritsi da puntu horretara, eta, beraz, kopa jokatu ahal izango dute.
Izotz hockeyan, Txuri Urdineko neskek Anoetako izotz jauregian lortu zuten saria. Tartalo gasteiztarrei aise irabazi (7-1), eta sailkapeneko lehen postuan bakarrik geratu dira. Orain, Majadahonda atzetik dute hiru puntura.
Futbolean, Realeko neskek behar zuten garaipena eskuratu zuten Zubietan. Merezitakoa, gainera (1-0). Txuri-urdinak Sevillaren aurka aritu ziren, bale edo kale egiteko jardunaldian. Anoetako galdutako derbiak utzitako orbaina gainditzea zuten helburu, eta sailkapenean gora begira jartzeko. Bi helburuak bete zituzten, eta sailkapen nagusiko zortzigarren tokian daude orain, 16 punturekin. Realeko mutilek, berriz, neurketa aldrebesa jokatu zuten Sardineron, Racingen aurka. Lehen minutuetan bi gol jaso ondoren, txuri-urdinak gai izan ziren aurrera egin eta lehia berdintzeko. Ordea, beste akats batek, taldea kondenatu zuen, eta Canales txuri-urdin ohiak punturik gabe utzi zuen Reala (3-2). Bi areatan eskas ibiltzearen ondorioa izan zen, atzean gaizki eta erasoan oso kamuts aritu zirelako.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek oso gertu izan zuen balentria, Gaska kiroldegian. Zaragoza liderraren bisita izan zuten, eta oso gutxigatik irabazi zieten (68-70). Azu Muguruzaren taldeak gertu izan zuen ezustekoa, eta galdu arren, erakutsi zuten maila oneko taldea dela. Bestalde, Askatuak Gipuzkoa Basketek arnasa hartzeko garaipena lortu zuen Albaceteren pistan (71-79). Aste arraroen eta zailen ostean, balio handia du irabazitakoak. Zulotik atera dira, aspaldiko partez.
EMAITZAK
Belar hockeya
Emakumezkoen ohorezko maila, 10. jardunaldia
- Junior 2 – Reala 2
Izotz hockeya
Emakumezkoen lehen maila, 9. jardunaldia
- Txuri Urdin 7 – Tartalo 1
Futbola
Emakumezkoen lehen maila, 12. jardunaldia
- Reala 1 – Sevilla 0
Gizonezkoen lehen maila, 13. jardunaldia
- Racing 3 – Reala 2
Saskibaloia
Emakumezkoen lehen maila, 8. jardunaldia
- Ibaeta Basket 68 – Zaragoza 70
Gizonezkoen bigarren maila, 9. jardunaldia
- Albacete 71 – Askatuak Gipuzkoa Basket 79

