Ulia pasealekuko plan bereziaren kontrako alegazioei erantzuteko eskatu diote alkateari
Ulia pasealekutik ikusten da San Ignacio-Hermano Garate klinikaren atzeko lursaila. (Argazkia: Inaxio Esnaola) Uliako auzo elkarteak gutuna bidali dio Jon Insausti alkateari, Ulia pasealekuko plan bereziaren harira. Hermano Garate klinikaren atzean dagoen lursailean, 200 oheko hotel bat eraikitzeko asmoa oraindik baztertu gabe dagoela ohartarazi dute, nahiz eta 2010ean Hirigintza Sailak auzo elkarteari esan baztertuko zuela.
Hain zuzen ere, Uliako lursail horretako plan bereziari hasierako onarpena eman zion udalak. Horren aurrean, auzo elkarteak alegazioak aurkeztu zizkion proiektuari, eta Hirigintzak Sailak aintzat hartuko zituela esan zuen. Are gehiago, lursailaren jabeei eskatu zieten hotelik ez eraikitzeko. “Lursail zati horretan zuhaitz hostotsuen landaketa aurreikusi zen, baina erabaki hori ez da errespetatu”, deitoratu dute.
Sei urteren ondoren, plan berezi horrek indarrean jarraitzen duela dio auzo elkarteak. Horregatik, Insaustiri eskatu diote afera horri erantzun bat emateko: “Alkate jauna, gure eskubideak ez dira isilarazi behar, eta Donostiako Udala berriro sartu egin behar da herritarrekiko harremanetarako onartutako araudia errespetatzen duten erakundeen multzoan. Ildo horretan, igarotako denbora kontuan hartuta, esperoan geratzen gara plan berezi horren hasierako onarpenaren aurka aurkeztutako alegazioei buruzko ebazpen arrazoitu bat, ez generikoa, jasotzeko”.

