Zer dute jokoan donostiarrek azaroaren 29an?

Easoko trenbide eremuarekiko erakundeen «koordinazio eza» gaitzetsi dute Amara Berri, Morlans eta Erdian Bizi auzo elkarteek

Amarako_geltokia Amarako Easo plazako tren geltokia gainditzeko eraiki dute topoaren saihesbidea. Joseba Parron San Sebastian

Amara Berri, Morlans eta Erdian Bizi auzo elkarteek idatzi bat helarazi diote IRUTXULOKO HITZAri, Easoko trenbide gunearen etorkizunari lotuta. Sinatzaileei “ulergaitza” egiten zaie eremuaren urbanizazioari buruz, Donostiako Udalaren eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailaren arteko “koordinazio eza”. Bi erakundeek eremuaren plangintzaz jarduterakoan “bi norabide ezberdin” erakutsi dituztela diote, herritarren atrean “argitasun falta eta desinformazioa sortuz”. Horren adibide jarri dute Etxebizitza Sailak bere kontura egin duen proiektu baten difusioa.

Aipatu auzo elkarteen iritziz, plangintza honen nondik norakoen ardura Donostiako Udalari dagokio, ez beste erakunde publiko edota pribaturi. Erronkak udalak bideratu behar ditu dauden tresna normatiboak erabiliz, hala eraikigarritasuna, gune berdeak, infraegiturak, mugikortasuna… “Bereziki, honek esan nahi du Araba parkeko, Menchu Gal lorategietako eta Mendeurrenaren plazako espazio irekietan esku hartzea; Arbaitzeneako espazio irekia Errondoko pasealekuan integratzea eta bide-sarea zehaztea, besteak beste”.

Adierazpenaren sinatzaileen ustez, “elkarteen zeregina da Easo trenbide eremua, beste helburu sozialen artean, inguruko bizilagunen beharretara egokitzen dela bermatzea”. Hori horrela, eremua berrantolatu aurretik Donostiako Udala abian jartzekoa den herritarren kontsulta prozesu parte hartzailearekin bat datozela berretsi dute eta ildo hori jarraituko dute beren aldarrikapenak plazaratzeko. Edonola, ohartarazi dutenez,  “horrek ez du esan nahi, ordea, sinatzaile diren elkarteek auzokideen asmoak lortzeko beste bi batzuk alde batera utziko dituztenik”.

HITZAkide HITZAkide