ANTZERKIA
Iñigo Gastesi - Aktorea

«Egoera muturrekoagoa den heinean, ikusleak espero ez zituen aldaketak daude»

Vidania Teatrok '7 urte' antzezlana dakar Antzoki Zaharrera. Iñigo Gastesi aurpegi ezagunez osatutako aktore taldeko kide eta antzezlanaren ekoizlea da. Saio bakarra dute hirian, bihar, 19:30ean.

7 urte antzezlana Iñigo Gastesi donostiarra da '7 urte' antzezlaneko aktoreetako bat eta ekoizlea.Miguel Arrospide

Lau bazkide, bitartekari bat eta delitu fiskalaren zigorra nork jakingo duen erabaki beharra. Hori da ‘7 urte’ obraren abiapuntua.

Lau bazkideetako batek jasan behar du errua, zazpi urte kartzelan pasatu, eta enpresa salbatu. Hori da abiapuntua, bai; baina interesgarriena muturreko egoera batean gizakiak zer jarrera dituen ikustea da. Eta nola aurreikusten duen bakoitzak. Pertsonaiak oso argi markatuak daude eta egoera muturrekoagoa bihurtzen den heinean, ikusleak espero ez zituen aldaketak ikusten ditugu bakoitzaren jarreran eta ekintzetan. Giza gai asko ikusten dira: traizioa, engainua, emakumeak botere postuetan… Erritmoa oso bizia da, esaldiak oso argiak eta motzak. Beraz, batetik, thriller erritmoa dugu, kako hori, eta bestetik, esandako horrek guztiak ikusleei sortzen dizkien galderak.

Pertsonaiak oso bestelakoak dira elkarren artean, nolakoak dira?

Bazkide bakoitzak arlo berezi bat darama enpresa barruan: Carlos, nire pertsonaia, komertziala da; Luis informatikaria da eta pixka bat jeinua, bere garaian ideia teknologikoki indartsua izan zuena; Bego, zenbakiak, finantza arduraduna da; eta Martxel, estratega, kudeatzailea, CEOa. Argi ikusten da bakoitzaren nortasuna eta zeinen ondo egokitzen zaion bere zeregina enpresa barruan; baina, gero, gauzak aldatzen doaz…

Bakoitzak bere modura kudeatuko du egoera eta hor sortuko da galdera: norbera noraino iristeko prest dagoen bere burua salbatzeko.

Noski. Uste dut automatikoki jartzen garela beraien lekuan; muturreko egoera batean zer egiteko gai ginateke lagun minarekin edo orain arte familia zela pentsatzen genuenarekin… Pertsonaiek luze daramate elkarrekin lanean, bazkideak dira, ez dira familia baina egunero ordu pila pasatzen dituzte elkarrekin, konfiantza dute, batak bestearen sekretuak dakizki… Bat eginda daude, baina dena zurrunbiloan sartzen da, eta..

Urtarrilean hasi zenituzten emanaldiak, hurrengoa, bihar, Antzoki Zaharrean duzue. Berezia al da zuretzat?

Bai. Oso berezia. Espero dut etxeko jendea joatea, espero dut jendeak gozatzea. Guretzat oso berezia da, aktore donostiarrak edo Donostian bizi garenak gara ia denak. Eta Antzoki Zaharra ezagutzen dugunak. Asko gustatzen zaigun antzokia da.

Zergatik ez lukete hutsik egin behar IRUTXULOKO HITZAKO irakurleek?

Zoritxarrez, iruzur fiskala oraindik hemen dago, eta oso eguneroko gaia da, baina horretaz gain, beste gauza interesgarri batzuk ikusiko dituzte, giza jarrera aldetik: maitasuna, traizioa, anbizioa… muturreko egoera batean. Eta ikusiko ditugu giza jarrerak nola aldatzen doazen muturreko egoera hori areagotzen doan heinean.

HITZAkide HITZAkide