Familia batek jasandako etxebizitza iruzurra salatu du Saretxek
Saretxeren agerraldi bat.Saretxe Saretxe Etxebizitza Sindikatuak salatu duenez, aste honetan, familia batek etxebizitza iruzurra jasan du. Sindikatuko kideak dira iruzurraren biktimak. “Azken urteotan, Azoraren aurka borrokan aritu gara harekin batera, eta borroka kolektibo horri esker, hainbat garaipen lortu ditugu: bere etxegabetzea geldiaraztea eta Azorak konpondu nahi ez zituen oinarrizko arazoei irtenbidea ematea, besteak beste”, azaldu dute.
Dena dela, putre funtsaren “presioa etengabea eta jasanezina” izaten ari dela kritikatu dute: “Egoera horren ondorioz, urte luzez bere etxea defendatzen aritu ondoren, bertatik alde egitea beste aukerarik ez duela sentitu du”. Ondorioz, beste etxebizitza baten bila hasi zen, eta, azkenean, apropos bat aurkitu zuela pentsatu zuela dio sindikatuak. “Hura eskuratzeko sarrera gisa 1.500 euro ordaindu zituen. Baina etxebizitza eskaintza iruzur bat zen. Ondorioz, etxebizitzarik gabe eta aurreratutako 1.500 euroak galduta geratu da”, ohartarazi dute.
“Onartezina da pertsona batek etxebizitza izateko eskubidea urratua ikustea, lehenik funts putre baten presioaren ondorioz, eta ondoren, etxebizitza iruzur baten biktima izanik. Gure sindikatutik irmoki salatu nahi dugu egoera hau”, adierazi du Saretxek. Horrela ere, gertakari hau “modu isolatuan” ezin dela ulertu gaineratu dute, “etxebizitza merkantzia bat den bitartean, etengabe horrelako egoerekin egingo dugu topo”: “Izan ere, oinarrizko behar bat dena gutxi batzuen negozio aukera bilakatzen da, eta logika horrek edozein kasutan topatzen du lekua: funts putreek eta errentistek itotzen gaituzte, eta beste batzuek etxea aurkitzeko premia bera erabiltzen dute iruzur egiteko”.
Horrelakoak ez errepikatzeko, espekulazioarekin eta errentismoarekin bukatu behar dela dio Saretxek, “etxebizitza oinarrizko eskubide bermatu bat izan arte”. “Badakigu norabide horretan borrokatzen eta antolatzen jarraitu behar dugula, aldaketak soilik behetik etorriko direlako. Saretxe etxebizitza sindikatuan argi dugu: antolakuntza da gure berme bakarra”.


