«Filmaketaren egunak izan ziren nire bizitzako momentu zoriontsuenak»
Zinema zalea izatetik, zinemagile izatera pasatu da Imanol Olalde (Antigua, 1992). Larrotxene Bideo zentroan ikastaro bat egin, gidoi bat idatzi eta Oihua! sariketan hautatu zuten. Horren emaitza da 'Antxumeak' film laburra, iragan urriaren 30ean Beldurrezko Astean estreinatu zuena. Idazten eta zuzentzen jarraitzeko gogotsu dago.
Imanol Olalde zinemagilea, Danena tabernaren kanpoaldean.Inaxio Esnaola Zergatik aukeratu duzu Danena taberna?
Batetik, hemen ondoan bizi naizelako, eta, bestetik, betidanik gustatu izan zaidalako taberna hau. Gainera, Parte Zaharrean bertakoentzat geratzen den gutxienetako bat da, eta txaka tortilla momentuan egiten dute, oso eskertzekoa dena.
Oihu asko entzuten dira taberna honetan, ogitartekoak eskatzen direnean, ezta?
Bai, horixe [barrez]. Sukaldeko zerbitzua bukatzean ere entzuten dira, eta ogitartekoak egiten hasi aurretik ere. Nire etxeko balkoia kale honi begira dago, eta, batez ere, asteburuetan denetarik entzuten da. Gauean oihu asko entzuten diren kalea da.
Hain zuzen ere, Beldurrezko Astearen Oihua! sorkuntza egitasmoa irabazi zenuen pasa den otsailean, eta hilabete batzuk geroago, ‘Antxumeak’ film laburra estreinatu zenuen Antzoki Zaharrean. Gustura zaude egindako lanarekin?
Oso pozik nago eta asko gozatu dut. Nire burua maiz zalantzan jartzen duen horietako bat naiz, baina gustura nago lorturikoarekin. Niretzat filmaketa egunak izan ziren nire bizitzako momenturik zoriontsuenak. Lehenengo aldia da horrelako zerbait gertatzen zaidala. Nik ez nuen espero proiektu hau aurrera ateratzea, eta aukeratua izatea. Ordea, esan zidatenean, aurrera egin nuen. Gainera, nahi nuen moduan.
Jende ezagun eta lagunekin konpartitu nuen. Adibidez, Eneritz Sanchez protagonista nire laguna da. AmaHiru antzerki konpainian aritzen da, film laburrean agertzen diren Iñaki Cidekin eta Iñigo Elosegirekin batera. Lehen erabakietako bat izan zen haiekin lan egitea. Inork ez dit eskatu esperientziarik saria ematerakoan, beraz, aktore taldeari ez nion halako baldintzarik jarri. Aurrerago bat egin zuen gurekin Dorleta Urretabizkaia aktoreak. Gerora, emaitza ona izan dela ikustean, gustura geratu gara denok.
Aurkeztu zenuen gidoi hura film laburrean irudikatu duzula uste duzu?
Nire gidoia otsailean aukeratu bazuten ere, duela urtebete, iazko azaroan idatzi nuen. Hasierako ideia oso txikia zen, baina denborarekin aldatu eta osatu nuen.
Eta nolako harrera izan du?
Aitortu behar dut izandako harreraren erreferentzia gutxi ditudala. Beldurrezko Astearen inaugurazio emanaldian eskaini zuten, eta sarrera guztiak berehala agortu ziren. Dena dela, nire ingurukoei erakutsi diet film laburra, eta gustatu zaie. Orain, proiektua fasez aldatzen eta apaltzen ari da, baina oraindik bere ibilbidea izango du. Hainbat zinema jaialditara aurkeztuko dugu. Bestalde, datorren astelehenean, film laburra ikusterik ez zutenei eskainitako proiekzio pribatu bat egingo dugu Antzoki Zaharrean. Josemi Beltranek aukera eman zigun, eta asko eskertzen diogu.
Aiako Harrian kokatu duzun ‘folk horror’ istorio labur bat kontatzen du filmak. Zergatik joan zinen hara, Donostian istorio beldurgarriak kontatu daitezkeenean?
Gehiegi, agian [barrez]. Filmaren istorioa ezagutzen duenak badaki fantasia kutsua duela, eta fantasiak zentzu gehiago dauka naturan, eta ez hiri batean. Nire hasierako ideia zen Oianlekuko harrespilan filmatzea. Horrela, otsaileko asteburu batean hara joan nintzen, eta harrespilarantz oinez nindoala, beste bide batetik jarraitu eta filmean agertzen den belardira iritsi nintzen. Leku hori aproposagoa zela iruditu zitzaidan.
Dena dela, egungo Parte Zaharrak, batez ere, aukera emango luke beldurrezko film baterako?
Edozein kaletan eta tabernetan. Parte Zaharra gero eta toki arrotzagoa da, bertan bizi garenontzat eta donostiarrontzat. Asteburutan, batez ere, auzoan lasai mugitzea zaila da. Bertakoak ez diren negozioz bete da, tamalez.
Beste auzo batean, Intxaurrondon abiatu zenuen ‘Antxumeak’ film laburraren ibilbidea. Zehazki, Larrotxene Bideo zentroan.
Gidoigintza ikastaroa egin nuen han, lagun batek gomendatuta, eta esperientzia bikaina izan zen. Gainera, Andoni de Carlos gidoigilea izan nuen irakasle, Handia filmari esker gidoi original onenaren Goya saria irabazi zuena. Ikastaro horrek bultzatu ninduen Antxumeak film laburraren gidoia idaztera. Ordea, ez nuen neure burua zinemagile gisa ikusten. Betidanik izan naiz zinema zalea, baina esanguratsua da azken hilabeteotan gertatu zaidana. Beraz, Larrotxene Bideori asko zor diot.
Lehen urratsa aurkeztuta, zinemagintzan jarraitu nahi duzu?
Egia esan, bai, gustatuko litzaidake. Gidoiak idaztea gustuko dut, eta horri eutsiko diot.
Proiektu berriren bat duzu esku artean?
Pare bat gidoi idatzita ditut, tartean, film luze batera. Lehiaketa batera aurkeztu dut, eta erantzunaren zain nago. Bestalde, urtea bukatu baino lehen telesail baten proiektua aurkezteko asmoa dut
‘Antxumeak’ film laburrean tabernarik ez da agertzen. Aldiz, beste gidoi horietan badaude?
Bai [barrez]. Gainera, aipaturiko telesailaren proiektuan, taberna batek garrantzi berezia dauka. Izan ere, protagonistaren amak taberna batean egiten du lan. Ez dut Donostian kokatu, herri txiki batean baizik. Taberna horren izaera zehaztea da orain nire erronka: nolako bezeroak dituen, bertako giroa eta beste.



