Kolonbiar komunitatea saretzen, festa pedagogiko, chontaduro eta zankotxoarekin
Ecocrea egitasmoko ahotsa eta bihotza da Isabel Muñoz. Bost urte daramatza Donostian, eta Kolonbian zuen asmo berdinekin dabil hemen: komunitatea saretzeko etengabeko lan nekaezin eta ederrean.
2020ko azaroaren 29an iritsi zen Isabel Muñoz Donostiara, pandemiaren azken txanpan. Kolonbian, gizarte lidergoan eta komunitate lanean urte luzez aritu zen. Donostiara etortzeko erabakia, ordea, arrazoi pertsonalengatik hartu zuen. Urte asko besteei eskaini ondoren, bere buruari denbora emateko garaia zela sentitu zuen.
Hasieran, bere bizitza pertsonalean, ikasketetan eta harremanetan jarri nahi zuen arreta. Baina berezko zaion ezinegona abiatu eta asmo horrek ez zuen urtebete ere iraun. Laster hasi zen Donostiako kolonbiar komunitateari begiratzen: zer gertatzen ari zen, zer harreman zeuden haren barruan eta zergatik ez zuen aurkitzen Kolonbian hain gertukoa zuen komunitate sentimendua.
Komunitate sakabanatua aurkitu zuen, elkarlanerako eta elkarri laguntzeko zailtasunekin. Horrez gain, bereziki mingarria egin zitzaion esaldi bat entzun zuen: «Atzerrian, kolonbiar baten etsairik handiena beste kolonbiar bat da». Muñozen ustez, ezin da halako baieztapenik normaltzat hartu: «Ez dugu esaldi hori normaltzat hartu behar. Kontrara, geure buruari galdetu behar diogu: zergatik gertatzen da hori, eta nola aldatu dezakegu egoera?». Hain zuzen, horregatik sortu zuen Ecocrea egitasmoa, kolonbiar komunitatea saretzeko hiru ardatzen gainean: gizarte berrikuntza, ongizatea eta garapen jasangarria.
Migrazio esperientzia guztiak berdinak ez direla ere azpimarratzen du. Duela hogei edo hogeita hamar urte iritsi zirenek beste errealitate bat aurkitu zuten: «Orduan, azal beltzaraneko –trigueña hitza erabili du– pertsonak edo bestelako kulturak zituztenak ez ziren gaur egun bezain ohikoak». Horrek, agian, eragina izan zuen komunitatea ez saretzearekin.
«Langile indarra izateaz gain, gaitasunak, trebetasunak eta talentuak dituzten pertsonak gara. Gure ekarpenak egiten ditugu lurralde honetan, eta, era batera edo bestera, hemen ere gizartea eraikitzen laguntzen dugu». Horregatik, ez du onartzen migrazioa hutsetik hastea dela dioen ideia. Beste herrialde batera joateak ez du aurreko guztia ezabatzen; bizitzarekin aurrera jarraitzea da, beste baldintza eta arau batzuetan.
Komunitate sarea berreskuratzea
Komunitatea berreraikitzeko behar horretatik sortu zen Ecocrea duela lau urte. Elkarteak parte-hartzea, sormena eta elkarlana ditu oinarri, eta hasieratik jarri zuen arreta etxeko langileengan, bereziki barneko langile diren emakumeengan. Muñozi arreta eman zion emakume horietako askoren egoerak: astelehenetik larunbatera, eguerdira arte lan egiten dute, eta atseden egunean, ez dute harremanetarako edo aisialdirako sare sendorik aurkitzen: «Zer egin behar zuten? Banku batean eseri eta denbora pasatzen ikusi. Zergatik? Ez dutelako laguntza sarerik, ez dutelako beren burua integratuta sentitzeko lekurik».
«Gipuzkoako kolonbiar
komunitateak festak
behar ditu, baina zentzua dutenak, helburu bat»
Kolonbiako eta Euskal Herriko harreman moduen arteko aldeak ere sumatu ditu. Cali hirian, esaterako, auzoko dendara ateratzea nahikoa izan daiteke norbaitekin hitz egiteko. Bizilagunek elkar ezagutzen dute, eta kalean sortzen dira eguneroko elkarrizketak. «Kolonbian, nahi gabeko bakardadearen kontzeptua ia ez da existitzen. Aitona-amonak edo gurasoak familiaren altxorra dira, familiaren erlikia. Beti dago sare bat haien inguruan». Donostian, berriz, kalean eta espazio publikoetan elkartzeko ohiturak ahuldu egin direla iruditzen zaio.
Atariak, espaloia edo eraikinen kanpoaldeko eremuak komunitate bizitzarako leku izan daitezke, baina ez dira beti horrela erabiltzen. Batzuetan, bizilagun batzuekin atarian denbora luzez hizketan geratzea ere arraro ikusten da. Ez du, noski, kultura bat bestearen gainetik jarri nahi. Harremanak egiteko modu desberdinak daudela ulertzea eta horien artean loturak bilatzea proposatzen du.
Folkloretik harago
Muñoz kezkatuta dago Kolonbiako kultura atzerrian erakusteko erabiltzen diren irudiekin ere. Askotan, dantza, jantzi koloretsu eta jai giroko irudietara mugatzen dira kultur erakustaldiak. «Folklorea baino askoz gehiago gara. Ez gara bolantedun gona bat eta lorez betetako buruko apaingarri bat daraman emakume eder bat, dantzan. Hori baino askoz gehiago gara».
Kultura bat erakusteko, haren eguneroko ohiturak, hizkera, kontraesanak eta bilakaera ere ezagutarazi behar dira. Kolonbiako emakumearen irudi estereotipatua jarri du adibidetzat: emakume gozo, samur eta beti adeitsuaren irudia. Isabelek uste du «narkokulturak» ere eragina izan duela irudi horren zabalkundean. «Kolonbian badaude horrela jokatzen ez duten beste emakume asko».
«’El Chontaduro’ ez da
denen gustukoa izateko
sortu; deseroso
sentiarazteko ere bada»
Antzeko zerbait gertatzen da jai giroarekin. Muñozek aitortzen du ospakizuna eta festa Kolonbiako kulturaren parte direla, baina ez du nahi kolonbiarren irudia festara mugatzea. Horregatik, Ecocrean festak antolatzen jarraitzea erabaki dute, baina helburu jakin batekin. Horrela sortu ziren «festa pedagogikoak»: «Gipuzkoako kolonbiar komunitateak festak behar ditu, baina zentzua duten festak, helburu bat dutenak. Loturak eta harremanak sendotzeko balio duten festak, edo premiazko eta garrantzizko gaiei buruz hitz egiteko aukera ematen dutenak».
‘El Chontaduro’: deserosotasuna
Ecocrearen jarduna irratira ere iritsi da. Elkarteak El Chontaduro izeneko irratsaioa egiten du, Donostia Kultura Irratian. Kolonbiako Pazifikoko kostaldean hazten den palmondo baten fruitua da chontaduroa, eta Caliko produktu adierazgarrienetako bat. Batzuei asko gustatzen zaie; beste batzuek, berriz, ez dute batere maite. Muñozek azaldu duenez, irratsaioaren izenak badu horrekin zerikusia. «El Chontaduro ez da denen gustukoa izateko sortu; deseroso sentiarazteko ere bada».
Deseroso sentitzeak ez du zertan txarra izan. Adibide gisa jarri du Gladys Enea parkean latinoamerikar familiak piknikak egiten eta musika entzuten ikusi dituztenean sortutako kexak. «Beste errealitate batzuk ezagutzeko, batzuetan, norberaren ohiturak eta erosotasuna zalantzan jarri behar dira».
Irratsaioak hainbat helburu ditu. Batetik, Euskal Herrian lanean ari diren kolonbiar elkarte eta kolektiboen ekimenak ezagutarazi nahi ditu. Bestetik, kolonbiar artisten eta beste leku batzuetako sortzaileen lana zabaltzeko tartea eskaintzen du.
Bi kulturen artean
Muñozen harremana Euskal Herriarekin ere aldatuz joan da. Gero eta interes handiagoa du hemengo kultur ohituretan, eta euskara ikasten hasi da, «lurraldea hobeto ezagutzeko». «Gero eta gehiago liluratzen naute hemengo kultur ohiturek. Asko gustatzen zaizkit. Horregatik hasi nintzen euskara ikasten: ondo menperatu nahi dut, hemengoa hobeto ulertzeko».
Errenteriako antzerki talde batean parte hartzen du, Zapalduen Antzerkiaren metodologia lantzen duen talde batean. Bertan, emakume izateagatik eta migratzaile izateagatik bizi izan dituen egoerez hitz egin zuen: «Lanean nagoela bertako norbait etortzen bada eta mespretxuzko iruzkin bat egiten badit edo arrazakeriaz jokatzen badu, berdin zait. Ez zait axola, badakidalako nor naizen. Baina latinoamerikar bat edo, batez ere, kolonbiar bat etortzen bada eta beste pertsona horrek bezala tratatzen banau, horrek bihotza hausten dit».
Baina hori aldatzen ari da. Hasieran, komunitateko kideek ez zuten Ecocrearengan konfiantzarik izan. Baina egoera aldatuz joan da: lehen mesfidati zirenetako batzuk gaur egun ekitaldietara joaten lehenak dira. Zein izan da gakoa? Muñozek argi dauka: «Gure sekretua izan da, lehenik, zer lortu nahi dugun argi izatea, eta, bigarrenik, tematiak izatea. Setakeria tresna garrantzitsua izan da guretzat».
Muñozek esaera zahar bat erabiltzen du filosofia hori azaltzeko: «Enara bakar batek ez du udaberria egiten». Komunitate lanean ikasitakoa laburbiltzen du esaldi horrek: proiektu kolektiboek elkarlana, konfiantza eta konpromisoa behar dituzte. Ecocrearen laugarren urteurrena abenduaren 6an ospatuko dute Lezoko Txerrimuñon. Topaketaz gain, elkartearen lau urteko ibilbideaz eta etorkizuneko asmoez hitz egiteko tartea ere izango dute. •

«Amona, bota ur gehiago zopari!»
Urtean bi topaketa egiten dituzte Ecocrean. Azkenekoa, Lezon egin zuten, Txerrimuño baserrian, «espazio autogestionatu batean».
Espazioaren antolaketak ere garrantzi handia zuen. Ekitaldi batean museo iragankor bat sortu zuten, Kolonbiako kultur ohiturei buruzko hainbat instalaziorekin. Horietako bat «paseo de olla» izeneko tradizioari eskaini zioten: «Paseo de olla ibaiertzean elkartzea da: eltzea eraman, sancocho-a prestatu eta egun osoa suaren inguruan pasatzea, umeak uretan jolasean dauden bitartean. Hori da paseo de olla. Hiri bakoitzean, igande batean, gutxienez mila familia aritzen dira horretan. Gure-gurea da».
Azkenekoan, «amonaren etxeko festa handi bat» antolatu zuten. Kontzeptuak esanahi berezia du kolonbiar kulturan. Amonaren etxera ez da gonbidatu gisa joaten, laguntzera baizik. Sare sozialen bidez egin zuten deialdia, eta parte hartzaileei osagaiak ekartzeko eskatu zieten: norbaitek patatak, beste batek platanoak, eta beste batzuek eltzea prestatzeko behar ziren gainerako produktuak. Ekimenak bazuen beste helburu bat ere: dirua ez izatea parte hartzeko oztopo. Beste ekitaldi batzuetan, kontsumoak garrantzi handia du, eta horrek jendea kanpoan uzten duela ohartu ziren.
Hasieran, laurogei lagun zeuden izena emanda, baina egunean bertan ehun eta hogei lagun inguru bildu ziren. Orduan, familiako festetan egin ohi den oihua egin behar izan zuten: «Amona, bota ur gehiago zopara!».
Guztiek jan zuten, eta amaieran oraindik zankotxoa geratu zitzaien. Inguruko tabernetara atera ziren, soberan zuten janaria doan eskaintzera. Horrela, Lezoko bizilagunek ere Kolonbiako plater hura probatzeko aukera izan zuten. Gastronomia harremanak sortzeko eta kulturak hurbiltzeko tresna bihurtu zen. •




