Zer dute jokoan donostiarrek azaroaren 29an?

Tokiko merkataritza saritu du San Sebastian Shopsek

San Sebastian Shopsek saritutako saltokien arduradunen talde argazkia.San Sebastian Shops

San Sebastian Shopsek Donostiako Merkataritza sariak banatu zituen ostegun arratsaldean, Maria Cristina hotelean. Apalategi Kirolak aintzatetsi zuten urteko saltoki donostiar gisa eta aurten itxitako Yarza Burdindegia omendu zuten. Merkataritza elkarteak Donostiako Sustapena eta eta Eusko Jaurlaritzaren Turismo Merkataritza eta kontsumo sailarekin elkarlanean antolatu du ekitaldia, eta bertan izan ziren Jon Insausti alkatea eta Tokiko Ekonomia eta Enplegu zinegotzi Ane Oiarbide. 

Hain zuzen ere, alkatearen eskutik jaso zuen Apalategi Kirolak sari nagusia. 1986an sortua, Groseko saltokiak korrika egiteko, futbolean jokatzeko edo mendirako materiala bilatzen dutenei bideratua dago. Espezializazio hori dela eta, Apalarun edota Apalategi Woman profiletara dibertsifikatzeagatik eta berritzaile izateagatik aitortu dute. 

Merkataritza ibilbideari saria, berriz, Dori Diez ile apaindegiak eskuratu zuen. Intxaurrondoko ile apaindegiak 1995ean ireki zituen ateak eta hiru hamarkada baino gehiagoan, “lan tresnak eta ekipamenduak berritu ditu, bezero bakoitzari gertuko arreta eskaintzea izan du bereizgarri”. Auzoan finkatutako denda da, bertako jaietan parte hartzen du eta ikastolekin elkarlanean aritzen da.

Saltoki Jasangarri gisa Parte Zaharreko Bioleku aitortu zuten. Lekaleak, fruitu lehorrak edota etxea garbitzeko produktuak saltzen ditu, soltean. Hala, bezeroek behar duten kopurua eros dezakete, ontzi gutxiago erabilita. Elikagai ekologikoak eta gertuko hornitzaileak dituela ere nabarmendu zuten.

Bidea egiten ari diren dendak ere kontuan hartu zituzten antolatzaileek. 2021ean Jone Larragainek irekitako belarri apainketan espezializatutako MUSA Studiok jaso zuen Saltoki Berria saria.

Garaikurrez haratago, Yarza burdindegia omendu zuen San Sebastian Shopsek. 1958an abian jarri zuen Manuel Yarzak Amara Berriko Antso Jakituna etorbidean. Haren seme-alabek jarraipena eman diote negozioari, aurten ateak itxi dituen arte. Ekitaldian, familiaren eta lantaldearen lana aitortu zuten. 

 

HITZAkide HITZAkide