
Hiru urteren ondoren, gogo biziz ospatu da San Sebastian eguna, inoizko jendetsuena parte hartzaileei dagokionez: 20.411 lagunek hartu dute parte, auzo guztietan egin diren 157 danborradetan.

00:00ak puntu-puntuan zirela entzun dira plazako kanpai hotsak, eta 'San Sebastian martxa' jo dute Union Artesanakoek, Eneko Goia alkateak bandera gora eta behera mugitzen zuen bitartean eta plaza guztiak aho batez abesten zuen bitartean. Azken notarekin jaitsi du guztiz bandera, eta ofizialki bukatu da San Sebastian eguna. Gutxiago gelditzen da 2024ko San Sebastian egunerako!

Alderdi Ederren 48 haur danborrada elkartu dira, eguzkia lagun, Erdialdeari horrenbeste desio zuten itzulia emateko. Eguerdiko 12ak baino lehen bete da Donostiako Udaletxearen aurrealdea. 4.700 haurrek baino gehiagok bete dute Alderdi Eder, eta 'San Sebastian martxa' jotzeko gertu agertu dira.