2021a surfin kaos!
Capricornius
Abenduaren 22tik urtarrilaren 19ra.
Azken aldian itzalita sentitzen zaituzte ingurukoek, eta horri soluzioa jartzeko garaia duzu! Antolatu zure lagunekin afari xume bat eta eman garrantzia sozializazioari, zure barrua goxatzeko jatea bezain beharrezkoa duzu ta! #iniziatibapixkabat
Aquarius
Urtarrilaren 20tik otsailaren 18ra.
Elur gainean ibiltzea gozagarria da, ezta? Polainak, erraketak… denak balio du maskararik gabeko guneetan. Adi, herri txikiei, bertako biztanleei eta igo dituzun mendiei: mendiak ez du zure mukizapi erabilia soinean eraman behar. #ZikinakGaraGero!
Piscis
Otsailaren 19tik martxoaren 20ra.
Hotz honek espetxeetan nola bizi diren pentsatzera eraman zaitu. Ba al dute berogailurik? Senideek zenbat kilometro egin behar dituzte eguraldi honekin? Aitor eta Galder ere preso sartuko dituzte? #EtxeanNahiDitugu #AnkerkeriariStop
Aries
Martxoaren 21etik apirilaren 19ra.
Martutenen olatu artifizialen zer eraiki nahi dutela? Metroak bertaraino eramango gaituela eta geltoki horretan aldagelak izango dituela? Dutxak barne? #UdalPlanHonekinPoltsikoakBeteNahiDituzte #NiEreAurka
Taurus
Apirilaren 20tik maiatzaren 20ra.
Ibili zara firin-faran eta horrela jarraitu nahi duzu… Neurri berrien beldur. Erosi sudokuak eta gurutzegramak, liburu berriak, pentsatu errezeta gozoak eta…. goxatu eguraldi petralaz mantazpian! #KaleraKaleraBorrokalariEtxera
Gemini
Maiatzaren 21etik ekainaren 22ra.
Hotz-boladak izoztu zaitu eta argindarraren igoeraren albisteak akatu egin zaitu. Negu gorria ez ezik, tabernako zuloan purpurinarik gabekoa izango da… ez etsi! Iritsiko da udaberria eta #Purpuplan
Cancer
Ekainaren 22etik uztailaren 22ra.
Elurrak estalitako paisaiak eta sutondoko beroak lasaitu zaituzten oporrak amaitu dira. Ez da astelehena, kapitalismoa da gorroto duzuna, gogoratu! #OstiralGorriak
Leo
Uztailaren 23tik abuztuaren 22ra.
Pandemia honetatik salbatuko zaituen formula topatu duzu Goiaren azkenarekin: surf zelai bat Donostian, Zurriolako olatuen leihan ibili beharrik gabe. Nola ez ote zitzaigun Ñoñostiarroi lehenago bururatu? #EskiEstazioBatUlianFaborez
Virgo
Abuztuaren 23tik irailaren 22ra.
Urte honi ezarri dizkiozun erronka guztien artean, bi betetzeko gai bazara, zorionekoa zu. Ea behingoz erronkak konpromisoz betetzen dituzun: hainbeste hitz egiteari utzi eta egin! #Alferrak
Libra
Irailaren 23tik urriaren 22ra.
Bizitzaren aparretan ibiltzea gustatzen zaizu…arrakastak egiten zaitu, txapeldun bat zara, baina olatua noizbait hondarraratzen da eta lur hartzea gogorra izaten da, beraz, adi eta prest egon! #bigarrenolatua #surfinkaos
Escorpius
Urriaren 23tik azaroaren 21era.
Eztena prest duzu erasora pasatzeko, oh escorpius maitea, zure pozoia duen baten batek keinu bat egingo dizu, beraz adi ibili, zure aukera izan daiteke eta. Lanean zure inguruan dabil eta jarri ezazu mira hor. #erosotikerasora #eztenadenada
Sagitarius
Azaroaren 22tik abenduaren 21era.
Urtarrila su izaten da zuretzat, poteo elegantea, dokarako sarrera kaotikoa, danborrada…Aurten beste erremediorik ez duzu eta saia zaitez zure amorantearekin ligopoteoa egin eta danborrada jotzen, kanpoan hotz egiten du eta. #surtarrila #mimomentua
Zapaburius
Otsailaren 29tik 31ra.
Oreka hitza zure egoera deskribatzeko asmatu zen, beti hartzen diozu neurria egoerari eta oztopoak oztopo beti zabiltza aldarte alaiz. Jarraitu zure ingurukoak zure energia amaitezinarekin kutsatzen, zu bai beharrezko txertoa! #zapatxerto #futurointxerto