Toreatzaile surflariak?
Behatxulo
Aste Nagusia itzuliko da datorren astean Donostiara, eta, horrekin batera, Illunbeko zezenketak, udalak onartu egin baitu Manuel Martinez Choperaren eskaera onartu baitu. Beraz, bai, zezenak hilko dituzte berriz ere Donostiako jaietan. Baina, dirudienez, aurten Illunbera joango diren toreatzaileek, zezenak hiltzeaz gain, beste zaletasun bat ere badute: surfa. Hala dirudi zezenketak iragartzeko hiriko hainbat tokitan eta autobusetan jarri dituzten kartelak ikusiz gero, behintzat. Bitxia da, surflariren batek sare sozialetan esan duen moduan, balio kontrajarriak sustatzen baitituzte surfak eta tauromakiak, baina tira. Hori bai, toreatzaileek hobe dute neoprenoa janztea uretan sartzeko, galtzerdi arrosadun traje distiratsu estu (estuegi) horiekin ez baitira oso eroso ibiliko.
Eguzkiak azala belztuta eta ilea horituta helduko al dira Morante, Talavante, Cayetano eta konpainia Illunbera? Sorbalda gainean ordez, surfeko oholaren gainean aterako al dituzte Illunbetik? Kresal usainak gehiago erakarriko al ditu zezenak? Batek daki. Badaezpada ere, adi egon beharko dute donostiarrek Zurriolan, ea uretan traje distiratsu horietakoren bat ikusten duten; espero dezagun, behintzat, zezenak hiltzeko erabiltzen duten ezpata hori gainean ez eramatea.
Illunbe alokatzeaz gain, akaso, Zurriola ere alokatuko zuen Martinez Choperak, eta horregatik egoten da Zurriolako zati handiena bandera gorriarekin eta surflariz beteta, gainontzeko herritarrak gune txiki batean bainatu behar diren bitartean.
Portzierto, beste baterako utziko dugu hiriko espazio publikoan jarri dituzten kartel horietako euskararen presentzia; bai, ez dirudien arren, TOROS SAN SEBASTIAN handi horren azpian Zezenak Donostian jartzen du.