Groseko inude eta artzainak
Artainu Groseko inude eta artzainen konpartsa igandean aterako da kalera, otsailaren 1ean, Kandelario egunaren bezperan.
Urte berezia izango da 2026a Artainukoentzat, konpartsaren 25. urteurrena ospatuko baitute: “Konpartsa hazten joan da azken hamarkada honetan, eta aurten 82 dantzari, 30 danbor jotzaile, 68 figurante, Deiadar txarangako hamasei musikari, bi erraldoi eta bi buruhandi aterako dira; guztira, 200 partaide”, azaldu dute. 11:30ean abiatuko dute desfilea, Txofre kaletik, eta Jose Maria Soroa, Marino Tabuyo, Jose Arana, Bermingham eta San Frantzisko kaleetatik ibili ostean, 12:30ean, geldialdia egingo dute Katalunia plazan, bertan inude eta artzainen ohiko parodia egiteko.
Aitona oroimenezko saria emango dute bertan, baita ere: “Aurten, Zurriola ikastolak jasoko du, euskal folklorearekin eta kulturarekin duen konpromisoagatik, eta urte hauetan guztietan Artainuren laguntzaile izateagatik”, nabarmendu dute. Desfilearekin jarraituko dute ondoren, kale hauetatik: Trueba, Secundino Esnaola, Aita Larroka, Karkizano, Aita Larroka, Mirakruz, Gloria (atsedenaldia mokadutxoa hartzeko), Galtzada Nagusia, Nafarroa Beherea plaza, Secundino Esnaola, Bermingham eta Artetxe Jenerala. 14:15ak aldera amaituko da festa.


