559 aukera galdu
“Aukera bikaina etxebizitza-inbertsoreentzat, lizentzia turistikoa baitu indarrean eta errendimendu operatibo betean aurkitzen baita une honetan. Hiru urte segidan darama etengabeko diru-sarrerak ematen eta errentabilitate handian”. Horrela aurkezten du luxuzko etxe-agentzia batek Alde Zaharrean salgai dagoen pisu bat. Gutxi batzuentzat, inbertsiorako aukera paregabea; beste askorentzat, ordea, auzoan bizitzeko aukera bat gutxiago. Tamalez, gaur egun Donostian inor ez da harritzen horrelako iragarki bat irakurtzean, baina horrek ez du esan nahi dena galduta dagoenik. Espekulazioari frenoa jartzeko aukera badago.
Joan den astean, Donostian behin betikoz itxi zen 559 pisu turistikoren legalizazio prozesua. Otsailean epai batek pisu turistikoak arautzen zituen ordenantza bertan behera utzi zuen eta lehen solairutik gora kokatzen direnak erregulaziotik kanpo utzi zituen. Orain, Hirigintza Plan Orokorraren aldaketaren bitartez, hiriko pisu turistikoen %43 hori erregularizatzeko pausoa eman du udalak. Ezin dugu esan ez genuela espero, izan ere, hiriko eredu turistikoari dagokionez, ez dago norabide aldaketarik.
Azeleragailua zapaltzeari uzteko unea da, hiriko hainbat kolektibok aldarrikatu genuen bezala. 559 etxebizitza alokairu arruntera itzultzeko aukera zegoen; udalaren ekintza baten bidez irabazi pribatuari mesede egin ordez hiriaren etxebizitza krisi latzari erreparatzeko aukera. Baina lehentasunak bestelakoak dira: gutxi batzuek etxebizitzekin etekin ekonomikoa ateratzea babesten jarraitzea, alegia. Hori guztia, alokairuen prezioa hilero gora doan hirian gertatzen da. Indarkeria inmobiliarioa gero eta nabariagoa den hirian. Bere bizilagunak kanporatu eta inbertsore zein turistak erakartzea lehenesten den hirian.
Hala ere, frustrazioen gainetik, esperantzara kondenatuak gaude. Kalean daude benetako aukerak: Donostiako turismo ereduaren aldaketa aldarrikatzea, gure atarietan pisu turistikorik ez onartzea erabakitzea, gure inguruan praktika espekulatzaileak ez legitimatzea. Etxebizitza larrialdiaren aurka bat egiteko ordua da: maiatzaren 22an atera kalera!