Ategorrietako hari gorria
Halako gertaera lazgarriek Donostian eta Pasaiako badian daukaten sona txikiak beti harritu izan nau. Gasteizen, adibidez, Martxoaren 3ko gertakariak oso presente dauzkate, eta, urtero, milaka lagun mobilizatzen dira haiek oroitzeko. Baten batek esan lezake arrazoia pasatutako urteak direla, 50 direla Gasteizkoa pasatu zenetik, eta 95 Ategorrietako sarraskitik. Kontrara, 1931n bertan (sarraskia baino 43 egun lehenago) aldarrikatutako II. Errepublika urtero gogoratzen da, eta ez dago ahanzturan erortzeko arriskuan.
Izan ere, iraganaren oroitza ez da neutrala. Irabazleek idatzi izan dute historia, eta haiek moldatu dute memoria kolektiboa. Galtzailearen memoria ukatua, debekatua edota manipulatua izan da historikoki, eta kasu askotan, galtzaileek beraiek ahaztua. Ahazteko modu asko daude, dena den. Gertatu daiteke gertakariak inork ez gogoratzea, baina baita gertakariok datu kronologiko soil gisa gogoratzea, iraganarekin eta etorkizunarekin loturarik gabe. Eta horrela gogoratzea ahanztura baino okerragoa da.
«Ategorrietan eraildako grebalarien memoria hedatzeko daukagun modu onena borroka horiek jarraitzen duten hari gorriari heldu, eta guk ere josten jarraitzea da»
Gogora ekarri behar dugu komunistek eta anarkistek 1931ko greba bultzatzeko eta erasoei aurre egiteko izan zuten gaitasuna, eta baita ere, 1931koa ez zela kasu isolatua izan. Izan ere, urte luzez izan ziren Trintxerpe eta Pasaiako badia langile borroken eszenatoki. Txirritaren Pasaiako huelga bertsoetan jada aipatzen da 1919. urteko arrantzaleen greba, eta 1936an, El Día egunkari nazionalistak Trintxerpe «Sobiet gorriaren Meka» gisa izendatu zuen, eta berau ebanjelizatzeko aldarrikapena egin zuen.
Duela 95 urte eraildako grebalariak oroitzea, beraz, bada justizia historiko ariketa bat, baina ezin da soilik horretara mugatu. Langileriaren borrokaren historian beste katebegi bat da, eta berau aldarrikatu eta horretatik ikastea dagokigu gaur egun. Haien memoria bizirik mantentzeko eta, are, hedatzeko daukagun modu onena borroka horiek jarraitzen duten hari gorriari heldu, eta guk ere josten jarraitzea da. Memoria borrokan eraiki nahi dugu, eta memoria borrokarako tresna bilakatu.

