Bakea
Azkenaldi honetan, hitz hau maiz entzuten dugu gure inguruan. Honengatik edo horrengatik, gure artean hitzetik hortzera dabilen hitza da. Motiboak bat baino gehiago dira, esango nuke giroa dagoela hitz hori erabiltzeko.
Bestalde, ari gara ikusten herri zapaldu zenbaitetan ez daudela gustura duten egoerarekin, hor daude Gazaren moduko lurraldeak non bertako Hamaseko milizianoek dioten ez dituztela armak utziko. Edota hor ditugu sahararrak, zeintzuek dioten justiziarik gabe ez dagoela bakerik.
Gure herriaren historiari begirada txiki bat eginda, kontraesanez beteriko historia dugu: Xenpelarren «ez gara gerraren zale, baizik bakearen alde. Gerra nahi duenari berari tira dale, bala bat sartu buruan, aspertuko da orduan»-en moduko edo antzeko bertso sorta dugu, karlistaldiaren inguruan egindakoa. Gerra Zibila-edo deitzen dugun garai hori amaituta, frankismo garai betean, Mitxel Labegeri Uztarizkoak zera zioen: «Bakearen usoa, O uso eztia hegalez kubri ezazu lur zabal guztia…».
«Ikusten dugu, munduan zehar, batez ere, herri txikiei eskatzen zaiela bakea. Aldiz, inperialistei eta boteretsuei inork gutxik esaten die dituzten gerrak amaitzeko»
Donostiako Sagueseko itsasertzean Nestor Basterretxearen Bakearen Usoa eskultura daukagu. Elizara mezatara joaten bazara, berriz, esango dizute bakea emateko elkarri eta horrela amaitzen da elizkizuna.
Ikusten dugun moduan, bakearen inguruan baditugu zenbait diskurtso, zenbait ekitaldi, zenbait abesti eta abar. Bakea hitz ederra da. Geure buruari opa dioguna eta hurkoari ere opa dioguna. Guztiok desio duguna eta bere alde borrokatzea merezi duena. Baina, beti gerran gaude, leku batean ez bada bestean, munduari begirada bat botatzea besterik ez da behar.
Ikusten dugu, munduan zehar, batez ere, herri txikiei eskatzen zaiela bakea. Aldiz, inperialistei eta boteretsuei inork gutxik esaten die dituzten gerrak amaitzeko, eta iruditzen zait alderantziz beharko lukeela kontu honek. Herri handi eta boteretsuak dira gerra gehien eragiten dutenak. Horrela izan da beti. Herri boteretsuak, zapaltzaileak, izan dira eta dira munduan zehar gerrak sortzen dituztenak. Horiei esan behar diegu gerrak amaitzeko, horiei eskatu behar diegu gerrarik ez egiteko, errespetatzeko besteak, euren boterea ez erabiltzeko txikia zapaltzeko, bakearen alde egiteko. Osterantzean, ez dugu bakerik izango.
Izan ere, gure gizartea ez da baketsua, eta, askotan, bakea aldarrikatzeak estali egiten du errealitatea.

