Birgaitzeko garaia
Donostiako etxebizitza parkeari erreparatuz gero, konturatzen gara herritar askoren beharrak ez direla asetzen. Eraikinak egokitu behar dira pertsona eta familien beharretara, eta ez alderantziz.
Lehenik eta behin, eta mundu mailan gertatzen ari den klima aldaketari aurre egiteko, energia-eraginkortasuna hobetzeko eraikinak behar ditugu. Berotegi-efektuko gasen isurketen % 40 etxebizitzetatik dator; beraz, eraikinak birgaitzen baditugu eta energia berriztagarriak erabiltzen baditugu, planetari mesede egiteaz gain, gure poltsikoan ere nabarituko dugu, ongizate eta erosotasun mailak nabarmen gora egingo dutela ahaztu gabe.
Irisgarritasuna pil-pilean dagoen arazo bat ere bada gaur egun, askotan ondarearekin lehian sartzen dena. Argi dago: ondarea zaindu beharreko altxor bat da, eta Donostian ditugun bitxiak ugariak dira. Baina, askotan ez da erraza oztopoak gainditzea, sormenezko irtenbideak behar ditugu, eta esparru honetan arkitektook asko dugu egiteko.
Bestalde, kontuan izan behar dugu gure bizimodua asko aldatu dela azken mende erdian: familia ereduak aldatu dira, bizi itxaropena luzatu egin da, lan egiteko moduak aldatu dira… hori horrela, malguak al dira Donostiako etxebizitzak? Argi dago 1950eko etxebizitzek ez dituztela pertsonen beharrak betetzen.
Donostiako biztanleen laurdenak 65 urte baino gehiago ditu, eta 2035ean kopuru osoaren herena izatea espero da. Bestalde, pertsonen heren bat bakarrik bizi da beren etxebizitzetan, eta askotan handiak eta gaizki egokituak izaten dira. Etxebizitzen batez besteko antzinatasuna 51 urtekoa da. Eustaten datuen arabera, Donostiak ia 189.000 biztanle ditu gaur egun, eta 94.000 etxebizitza; batez beste, bi pertsona baino ez etxebizitza bakoitzeko.
Azkenik, etxebizitza gabeziaren arazoa dugu hirian, eraikuntzarako espazioa ahitzen ari da eta Hirigintzak eraikinak birsortzearen eta okupatutakoa hobeto aprobetxatzearen alde egiten du, hedapena gelditzearen alde eta mugikortasun eraginkorragoa eta iraunkorragoa bilatzearen alde. Agian, Donostian ditugun 200 metroko etxebizitzak bananduz lortu daiteke arazoa txikitzea? Edota, zenbait eraikini pisu bat gehituz? Kasuz kasu begiratu beharko litzateke, baina aukera desberdinak mahai gainean jarri behar dira.
Beraz, etxebizitza malguak, irisgarriak eta eraginkorrak behar ditugu.
Albiste ona da hau guztia aurrera eramateko diru-laguntza poltsa handia datorrela eta orain dugula aukera esku-hartzeko. Badirudi Europak birgaiketaren alde egin duela apustua eta. Bien bitartean, Jaurlaritzak, Aldundiak eta Donostiako Udalak ere abian dituzte euren programak, eta, beraz, ez dago aitzakiarik lanak aurrera eramateko eta alokairuko edo salmentako etxebizitzak eskaintzeko, eta, horrela, etxebizitza duin baterako sarbide unibertsala bermatzeko.