Burua jan gabe, izan burujabe
Burujabe Cha cha cha! topaketa antolatu dugu, kolektiboek eta pertsonek gure bizitzan eragiten duten funtsezko gaietan —elikaduran, energian eta zaintzan— subiranotasun handiagorantz eramango gaituzten prozesuak bultzatzeko nahiz sortzeko dugun gaitasunaz jabetzeko eta horretan sinesteko. Horretarako, jasangarritasunaren eta justizia sozialaren irizpideetatik abiatuko gara.
Burujabetzak sare kolektiboen bidez ehuntzen dira, eta botere hegemonikoekiko dugun mendekotasuna murriztea ahalbidetzen dute. Hau da, erabakitzeko gaitasun handiagoa izateko aukera ematen digute, interes kapitalisten aginduen mende egon gabe, multinazionalen interesen kasuan, esaterako. Era berean, gure bizitzak antolakuntza komunitarioaren bidez garatzeko aukera ematen digute, gure bizitzetan sakonki eragiten duten gaien inguruan erabakitzeko gaitasuna eta autonomia izanik, betiere gizartearekiko eta naturarekiko sentikortasuna, konpromisoa eta erantzukizuna oinarri hartuta.
«Itxaropentsua iruditzen zaigu gure inguruan burujabetzetik sortzen ari diren prozesu guztiak ikustea eta horietatik ikastea»
Ikusten dugu bide honetan ezinbestekoa dela besteekin batera bidea egitea, kolektiboaren ongizateari garrantzia ematea eta kolektibotasuna osatzen duten pertsonen beharrak asetzeko gai izatea. Itxaropentsua iruditzen zaigu gure inguruan burujabetzetik sortzen ari diren prozesu guztiak ikustea eta horietatik ikastea. Eguneroko bizitza maitasunez mundua sostengatzeko modu bat dela uste dugu.
Hala ere, badakigu dedikazio horrek denbora eskatzen duela, eta denbora falta oztopo izan daitekeela kolektiboki antolatzeko eta gero eta burujabeagoak izateko. Sistema menderatzaileak denbora modu artifizialean antolatu du, eta, horren ondorioz, naturaren zikloetatik eta giza beharretatik deskonektatuta bizi gara. Denboraren antolaketa artifizial horretan, enplegua eta kontsumoa gure bizitzaren erdigunean kokatzen dira. Horrek kostu fisiko eta emozional handia eragiten du.
Saretuzen miresten ditugu burujabetzek sustatzen dituzten eta bizitzaren iraunkortasuna erdigunean jartzen dituzten prozesu guztiak. Mundua bizitzeko modu ausart horiei espazioa eskaintzea aldarrikatzen dugu, zaintzatik, sormenetik eta guztion ongizatearen aldeko nahitik abiatuta.

