Deshumanizazioa
Bizitzan zehar, eskopetekin lotutako istorio dezente entzun ditut. Jakina, nahi baino gehiago, eta, batez ere, nik aukeratu gabeko elkarrizketa zirkuluetan beti. Denetik entzun dut. Arrantzarako eraman behar direla, badaezpada ere, kaioak uxatzeko; kaleko katuei susto pixka bat emateko dibertigarriak direla eta balkoira gehiegi gerturatzen diren usoen aurka erabiltzeko onenak direla. Hau da, animalien kontrako tratu txarrak emateko aholkuak, azaleko konbertsazio baten bueltan barrez kontatutakoak.
Orain, pertsona batzuen kontra aire konprimatuzko pistola erabili dela ikusi dugu Egian. Tiro egiteko, uso bat balkoiko barandaren gainean jartzeko zain egoten zela kontatu zidan pertsonarekin oroitu naiz. Eta ikaratuta nago ohartzean gure inguruan badaudela pentsatzen dutenak badirela gizaki batzuk guk uso, kaio edo kaleko katuei ematen diegun tratu bera merezi dutenak —antiespezismotik oso urrun gaudela suposatuz, noski—. Hau da, gizaki izateari utzi dioten gizakiak daudela erabaki duen jendea bizi dela gure artean.
«Jakin beharko genuke zer ari garen marrazten: nor uzten ari garen barruan, eta nor kanpoan. Gizaki izateari utzi dioten gizakiak ez baitira existitzen»
Historian zehar, «gizakiaren» kategoriak arau gisa funtzionatu du: bertan nor sartzen den eta kanpoan nor geratzen den erabakitzen duen muga moduko bat. Eta muga hori ez da neutroa, eta ez da beti espezie biologikoaren araberako muga soilik izan. Gizakiak berak erabaki izan du nor dagoen kategoriaren barruan eta nor ez, hots, «bestea» deshumanizatzea. Gizaki gisa ukatzea, bere gizatasunaren parte diren ezaugarriak arbuiatzea, eta, horrenbestez, beste pertsona baten estatus gizatiarra ezabatzea, haren kontrako erasoaren ardura morala ezereztea. Hain zuzen ere, bestea pertsona gisa ikusteari uzten diogunean, haren aurka egin daitekeenaren muga ere lausotu egiten da.
Psikologia sozialak «deslegitimazioa» deitu zion prozesu horri. Honen arabera, talde bat kategoria sozial guztiz negatibo batean kokatzen denean eta gizartean onargarritzat jotzen diren taldeen esparrutik kanpo uzten denean gertatzen da. Lehenik, etiketa bat jartzen zaio besteari. Ondoren, etiketa horri emozioak lotzen zaizkio: nazka, beldurra, mespretxua. Eta, pixkanaka, taldearen aurkako jokabideak normalizatzen dira. Are gehiago, lehen onartezinak ziren ekintzak justifikagarri bihur daitezke, noren aurka egiten direnaren arabera. Deslegitimazioak kalte egiteko jokabideak elikatu ditzake, eta kalte horrek, aldi berean, hasierako deslegitimazioa indartu.
Azken gertakari hau, beraz, ez da liskar baten istorio hutsa. Horregatik, ezin ditugu indarkeria mota batzuk ikusezin bihurtzen utzi. Gizatasunaren muga behin eta berriro berridazten ari garen honetan, gutxienez, jakin beharko genuke zer ari garen marrazten: nor uzten ari garen barruan, eta nor kanpoan. Gizaki izateari utzi dioten gizakiak ez baitira existitzen. Existitzen dena da, noizbait, norbait hala ikustea erabakitzen duen begirada.

