Gorrotoak
Lehen ilusio handiz bizi izan ohi nituen derbiak. Zoritxarrez, azkenaldian gero eta nagi handiagoa ematen didate, batez ere aurreko eta ondorengo ahoberokeriek. Ez duzue zutabe honetan euskalduntasunaren, senidetasunaren eta antzekoen defentsarik topatuko. Besterik gabe, futbol partida baten inguruan gertatzen dena nerau izutzera eta nazkatzera iritsi egin da.
Igandeko derbian, realzale batek sare sozial batean idatzi zuen lotsa ematen ziola Zabaleta harmailan kamiseta zuri-gorriak ikusteak. Jarraitzen ez dudan arren, txiolaria ezagutzen dut. Izan ere, Twitterrek maiz «Realarekin loturikoak» jartzen dizkit parean, gehienetan astakeri galantak. Hizpide dudan txiolari hori irainka aritzen da beti, beste taldeetako zaleei, zein berarekin bat ez datozen realzaleei.
Bide batez, hau ere hausnartzekoa: ia bere produkzio osoa gaztelaniaz den arren, inoiz euskaraz erantzuten duenean ahozkoaren sasikalkoan egiten du. Gazteleraz RAEren arauak jarraitu; euskaraz, ordea, natural izateko: «Irabazindiau».
Inork esango du, arrazoiz: bost axola eta jarrai dezala txorakeriak esaten, kasurik egin gabe. Oxala hain erraza izatea. Jende honek zabaldutako ozpinak dena kakazten du. Adibidez, iaz, arerioaren hotelera mariatxi batzuk bidali zituzten, Forocoches-i kopiatuta. Hori baita eredua: Forocoches. Eta haien moduan, eguna jendea pipertzen pasatzea. Ez ninduke harrituko batek baino gehiagok hainbat taldetako zaleen plantak egitea, sesioa piztu eta gero etxean algaraka kaka gozatzea.
Esan moduan, gaiak ez du zerikusirik euskalduntasunarekin edo senidetasunarekin, ezta derbiarekin ere, edozein jarduerako gutxieneko gizalegearekin baizik. Baina derbiarena bereziki mingarria da. Ia 40 zelaitan izan naiz Reala ikusten. San Mamesen nahiko maiz. Denetarik ikusi eta bizi izan dut han, baita Anoetan ere. Eta denarekin, ez naiz inoiz poliziak eskoltaturik joan Bilbotik, eta ez dut ihesi egin behar izan, astindu ez nazaten. Beste toki batzuetan bai. Ingalaterrako zelai askotan debekatuta dago kanpokoen kamisetarekin joatea etxeko zaleen gunera. Badirudi batzuk desiratzen daudela hemen ere berdin ibil gaitezen.
Horregatik asaldatzen nau mukizu ahobero batek sare sozialetan horrelako lelokeriak esateak. Gizajo horrek ez ditu pairatuko bere gorrotoak sortutako ezinikusiak. Goxo-goxo izango da bere etxean, pozoia hedatzen. Eta gutxien merezi duenak jasango du berak landatutako uzta ustela. Derbian Gorka Urbizuk abestu zuen moduan, «ez fida herraren mirabe denaz».