Gurekin egiten dutena (II)
Euskara babes bereziko kultura ondasun immaterial izendatzeko bidea abiarazi du Eusko Jaurlaritzako Ibone Bengoetxea Kultura sailburuak, horrek, besteak beste, gure hizkuntzari aitortza juridiko eta administratibo sendoagoa ekarriko diola argudiatuz. Iazko azaroaren 20an, antzeko zerbait eskatu genion Eusko Jaurlaritzari, babes juridiko eta administratibo handiagoa euskararentzat, EHEren eta Ikamaren izenean sinatu genuen gutun baten bitartez, baina Donostiako Eusko Jaurlaritzaren egoitzan esan ziguten pertsona juridikoen izenean ezin zela gutunik igorri fisikoki, eta telematikoki egin beharra zegoela.
Ezetza jaso ondoren —halako traba burokratikoaren aitzakiapean—, kanpora atera ginenean, gure kideak zeuden gure zain, pankarta bat eta hainbat pegatinekin euskararen aurkako oldarraldi judiziala etetea eskatzen. Ertzaintzak gutariko sei kide identifikatu zituen, handik gutxira jakin genuen prozedura penala abiarazi zutela kideen aurka, eta pasa den irailak 17an deklaratu dute Donostiako epaile baten aurrean; aurki izango da epaiketa.
«Akaso, benetako erasotzailea botere judiziala da, eta ez euskararen babesa aldarrikatzen duten gazte euskaldunak, baina nork epaituko du euskaldun guztiok erasotzen gaituen boterea?»
Zuzenbide Fakultatean erakutsi ziguten zigor zuzenbideak gizartearen ondasun juridiko funtsezkoenak babesten dituela, eta bere jardunbidea ultima ratio–koa zela; hots, zigor zuzenbidea estatuen azken baliabidea dela, soilik gizartea eta estatua eraso larrienetatik babesteko. Horrela izanik, sinesgaitza da gure ekintza baketsu eta sinbolikoan identifikatu zituzten sei kide auzipetu izana; sinesgaitza, hain zuzen ere, teoria juridikoaren eta praktika polizial-jurisdikzionalaren arteko arrakala larregia delako. Denaren eta izan beharko lukeenaren arteko arrakala horri Sein-Sollen Kluft deitzen zaio alemanez, gurean, eta gure aurka, ikaragarria izaten jarraitzen du. Dirudienez, Garzon epailearen doktrinaren zantzuak hor diraute.
Botere judizialaren euskararen aurkako oldarraldi judizialak aurrera darraien bitartean, epaileek legedi autonomikoari entzungor egin, eta euskararen ofizialtasuna erausten duten bitartean, botere berberak euskararen aldeko aldarri eta ekintza baketsuak kriminalizatzen ditu. Hain agerikoa da euskararen aldeko hainbat aldarrik eta pankarta batek ez diola gizarteari eraso egiten, non absurdoa dirudien azpimarratu behar izatea zigor zuzenbidearen esku hartzea zeharo neurrigabea dela. Akaso, geure gizartearentzat eta bere identitatearen muina den euskararentzat, benetako erasotzailea botere judiziala da, eta ez euskararen babesa aldarrikatzen duten gazte euskaldunak, baina nork epaituko du euskaldun guztiok erasotzen gaituen boterea?
Doakiela babes guztia auzipetuei, eta jarrai dezagun euskararen aurkako oldarraldiaren kontra eragiten; gaur ezer egin ezean, bihar euskararen ofizialtasuna guztiz eraitsiko dutelako.

