Haserrea
Aurreko astean hiriko ordenantza fiskalak onartu ziren. Badakizue: gobernuak zerga igoerak ezinbestekotzat jotzen ditu, oposizioak akordiorik lortu ezean onartezintzat. Ondoko udalean, alderdien paperak aldatuta, gauza bera.
Argindarraren prezioaren igoera izan zuen argudio oposizioak igoerari muzin egiteko. Une horretan bitxia bazirudien ere, gerora ikusi dugu indar independentistek argindarraren prezioari buruz abiatutako kanpainaren girotzea zela.
Deskonektatu kanpainak itzalaldira eta kazeroladara deitu ditu herritarrak, argindar konpainia handiei presio egite aldera. Helburuari oso egoki deritzot, oso beharrezkoa da herritarrek gai hauei buruz hausnartzea. Dena den, faltan izan dut alternatiba zehatzak aipatu izana. Manifestuak konpainia handiei zuzendu die kritika, beste motetakoak ere badaudela aditzera emanda. Baina kanpainaren ohiartzunean, egunkari honetakoan barne, apenas aipatu dira alternatiba horiek. Akaso arazo konkretu honentzat izan gabe ere, konpainia handiei horien boterea murrizteko.
Interesgarria litzateke jakitea kanpainaren berri izan dutenen artetik zenbatek ezagutzen ote dituzten Goiener, Somenergia eta bestelakoak. Ez naiz ari erabiltzeaz, ezagutzeaz baizik. Hainbat arrazoi ditugu enpresa batzuen bezero izateko, baita gustatzen ez zaizkigun horiena ere. Adibidez, hipotekak atsegin ez dugun bankuari lotuta mantentzea; edo, besterik gabe, nagi hutsagatik oraindik Izarkomeko papera mahai gainean izatea aldaketa egin gabe, nik bezala.
Ez naiz ari, beraz, norberak egin beharko lukeenaz. Diodana da askotan horrelako alternatiben berri ere ez dugula. Izan ere, gaizki daudenen inguruko eztabaidak espazio handia du geurean. Barrenak eragiten dizkigu eta geure haserre guztia azaleratzeko aukera ematen digu. Horregatik lortzen du hainbesteko oihartzuna agindar konpainiak zein gaiztoak diren aipatzen duen txio batek; ez hain handia, ordea, alternatiben berri ematen duen txioak. Bigarren hori lehenengoa bezain eraginkorra bada ere.